blogak

Zientziaren labirintoan kokatuz

Nanoteknologia

Muturreko tamainak deigarriak izan dira beti gizakiarentzat. Horren adierazgarri dira gaur egun abian diren hainbat eta hainbat ikerketa lerro. Izan ere, muturreko tamaina horietan ez ohiko propietateak agertzen dira, eta horrek ikerkuntzarako leiho bat irekitzea dakar. Nanoteknologia ere horietako bat da. Izen honek biltzen ditu nano eskalako osagaien diseinuari, sintesiari edo aplikazioei loturiko teknologiak. Nanometroa milimetroa baino miloi bat aldiz txikiagoa da, eta nanoteknologiak nm bat eta 100 nm arteko osagaiak ditu ardatz. Konparaketa bat egite aldera, gure buruko ile batek 70.000 nm inguruko lodiera izaten du batazbeste.
Richard Feynman fisikariak aipatu zuen lehenengo aldiz nanoteknologia 1959an eman zuen hitzaldi batean. Une hartan zientzia fikziozko zerbait zirudien, tamaina horretako osagaiak eraldatzeak atomoz atomoko lanketa eskatzen baitzuen. Gaur egun ordea, badira zehaztasun horrekin lan egitea ahalbidetzen duten tĂșnel bidezko mikroskopioaren moduko baliabideak. Eta honek nanoteknologiaren garapena ekarri du.
Diotenez, nanoteknologiak bigarren industrializazio baten moduko zerbait eragingo omen du. Gaur egun nanoteknologiaren lorpenik aipagarrienak nanopartikulen diseinuari loturikoak dira. Nanopartikula hauek esparru eta arlo ezberdinetarako oso propietate interesgarriak dituzte. Adibidez, horietako batzuk airearen eta uraren kutsaduraren trataeran erabili ahalko lirateke. Beste zenbaitek, propietate fotoboltaiko aipagarriak izanik, eguzki energiaren erabilera hobetuko lukete. Dudarik gabe, bi aplikazio hauek oso onuragarriak lirateke ingurumenari dagokionez.
Era berean, ezin dira ahaztu nanoteknologiak medikuntzan lituzkeen aplikazioak. Horien bidez, gaixotasunen diagnostikoa azkartzeaz gain, farmakoek gaixo dauden zeluletan era selektibo eta zehatzagoan eragitea lortuko litzateke. Zalantzarik gabe, hau aurrerapen garrantzitsua litzateke minbizia bezalako gaixotasunen aurka. Virusen aurka zuzenean joko luketen nanorobotak ere izango omen ditugu. Hauek, gure zainetan zehar mugituko lirateke virusen eta bestelako mikroorganismoen aurka eginez.
Garai batean, guztiak etorkizun urrun bateko kontua zirudien. Baina etorkizun hori neurri batean behintzat iristen ari da. Izan ere, kosmetika munduan nanopartikulak erabiltzen dira honezkero eguzki krema eta antzerakoetan, eta honek nolabaiteko kezka ere sortu du, nanopartikula horiek osasunerako kaltegarriak ote diren.
Nanoteknologia, izen luzea bezain osagai txikiak. Osagai txikiak bezain esparru zabala. Antza denez, nanoteknologiarekin elkarbizitzen ikasi beharko dugu.

Egin klik hemen grabaketa entzuteko.

(Sarrera honekin batera zulo beltzei buruzko grabaketa ere zintzilikatu dut)

Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07