blogak

Zientziaren labirintoan kokatuz

LED bonbilak

Argi dago eguzkia ezinbestekoa dela Lurrean bizitzeko, baina bere argia ez da aski. Jadanik eguna ez da eguzkiaren irteerarekin hasten eta bere sarrerarekin bukatzen. Gaur egungo bizi ereduan, gauez guztiak aurrera jarraitzen du, eta horretarako argia behar beharrezkoa da.

Dena den, ezin dugu ahaztu argia sortzeak gastu bat ere eragiten duela. Zentzu horretan, Europan 2012 urtean debekaturik gelditu ziren lehenengo bonbila tradizionalak. Izan ere, hauen errendimendua oso txikia zen. Jasotzen zuten energiaren %5 soilik bihurtzen zuten argi, gainontzeko guztia bero gisa galduz.

Hala, gaur egun ditugun bonbilen artean, errendimendurik onena lortzen dutenak LED bonbilak dira. Ni hemen ez naiz beren funtzionamenduaz hizketan hasiko, baina kontuan hartzea komeni den ezaugarri batzuk gogoraraztea ongi etorriko zaigu. Eta horietako bat, garrantzitsuena akaso, beren bizitza luzea edo iraupena da. LED bonbila batek, 45.000 orduko bizitza izan dezake. Konparaketa bat egin dezazuen, bonbila tradizionalen kasuan beren iraupena 1000 ordukoa izaten zen gutxi gorabehera.

Kontsumoan ere dexente aurrezten dugu LED bonbila batekin. Izan ere, LED bonbila batekin, bonbila tradizional batekin izaten genuen kontsumoaren %90 aurrezten dugu gutxi gorabehera. Alegia, 100 W-ko bonbila tradizional batekin lortzen genuen argia, 10 Wko LED bonbila batekin lortu dezakegu.

Hirugarren ezaugarria aipatu nahi nukeena, behin eta berriz piztu eta itzaltzeak eragiten dion desgasterik eza da. Hau hobeto uler dezazuen, ezin dugu ahaztu bonbila fluoreszente baten kasuan, behin eta berriz piztu eta itzaltzen baldin badugu honek desgaste haundi xamarra eragiten diola bonbilari, eta horren ondorioz, bere aurreikusitako bizitza dexente laburtzen da.

Honekin erlazionaturik legoke baita ere, gehienezko argitasun maila lortzeko behar duen denbora. Izan ere, interruptoreari ematen diogunean, LED bonbilak instantean bere gehienezko argitasun maila lortzen du. Fluoreszenteen kasuan aldiz, interruptoreari ematen diogunetik gehienezko argitasuna lortu arte denbora bat igarotzen da.

Eta noski, ezaugarriak aipatzen hasita, prezioa ere aipatu beharko dugu. Aurreko ezaugarri guzti horietatik ondoriozta daitekeen bezela, LED bonbilen prezioa, gainontzekoena baino apur bat haundiagoa da. Dena den, beren bizitza luzeak eta izaten duten kontsumo txikiak, prezio diferentzia hori erraz konpentsatzen dutela esan daiteke.

Beraz, ikusten duzue, hasiera batean LED bonbilek garestiak diruditen arren, gero nahikoa merke ateratzen dira, bai gure poltsikorako, eta baita ikuspegi ekologiko batetik ere.

Egin klik hemen grabaketa entzuteko.

Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07