blogak

Zientziaren labirintoan kokatuz

Irisgarritasuna helburu

Duela urtebete inguru idatzi nuen sarrera batean, teknologiaren eta zientziaren gehiegizko garapenarekin mesfidati azaldu nintzen. Bertan adierazi nuen arazo askoren konponbidea agian ez genukeela hainbeste natur zientzia eta teknologian bilatu behar, giza harremanetan baizik. Era berean, gaur egun egiten diren oinarrizko ikerketa askok zentzu gehiago leukake berauek publiko zabalari azaltzeko ahalegina egingo balitz. Azken batean, oinarrizko ikerkuntzak ezagutza berriak dakartza, eta berauetan xahututako diru publikoa justifikatzeko, ezinbestekoa litzateke ezagutza horiek jendeari modu ulergarri batean eskura jartzeko ahalegina egitea.

Baina ukaezina da zientziak eta teknologiak oraindik arazo asko konpon ditzaketela. Gainera, zenbaitek zuzeneko gizarte onurak lituzkete. Nire buruari begiratzea baino ez zait gelditzen. Zalantzarik gabe, teknologiak abantaila ukaezinak eskeintzen dizkigu era bateko zein besteko ezintasunen bat daukagunoi. Nik sarritan pentsatu izan dut zenbat gauza egin ditzakedan teknologiari esker. Zehatzago esanda, itsu baten eta itsua ez den baten aukeren arteko amildegia gaindiezina litzateke informatikarik gabe.

Egia da guztia ez duela ordenagailu batek konponduko. Izan ere, ezintasun batek behar teknikoez gain behar sozial batzuk ere eragiten ditu. Bigarren behar horiei behar baino arreta gutxiago eskeinzen ote zitzaien irudipena neukan aipatutako sarrera hura idatzi nuenean. Dena den, hori onartuta ere, ezin da ahaztu teknologia ezinbestekoa dela lehenengo behar motak asetzeko. Zentzu horretan, arlo horretan ikertzen jarraitzea ezinbestekoa da.

Sarrera honetan, Elhuyar aldizkariaren azken alean argitaratu zen Chieko Asakawa ikerlari japoniar itsuari egindako elkarrizketa irakurtzera gonbidatu nahi zaituztet.

Bertan aipatzen denez, ikerlari hau 14 urterekin gelditu zen itsu, eta itsuontzat baliabide irisgarrien garapenarekin erlazionaturiko proiektuetan lan egin du. Besteak beste, braille editoreak digitalizatzen eta internet ahots bidez irisgarri egiten aritu izan da. Etorkizuneko lan ildoei dagokionez, ikusmen ezak mugikortasunari sortzen dizkion zailtasunak gainditzeko bideak ikertzea gustatuko litzaioke. Bere lanak ezin hobeto erakusten du informatikak itsu bati zailtasunak gainditzeko eskein diezaiokeen laguntza.

Dena den, elkarrizketa honetako hiru puntu iruditu zaizkit bereziki interesgarriak. Alde batetik, baliabide hauen inguruko ikerketak hasiera batean ezintasun jakin bat duen jendeari begira burutzen badira ere, lorturiko emaitzek publiko zabalago bati begirako lanei bide eman diezaiekete. Zalantzarik gabe, horrek hauetan egiten den esfortzuari errentagarritasuna ziurtatuko lieke.

Bestetik, ikerlari japoniarrak dioen bezala, proiektu jakin bat zientziaren adar batekin lotuta egonda ere, irisgarritasunarena muga oroz gaindiko arazoa da. Alegia, alor guztietan egin daiteke zerbait ezintasun jakin batek sortzen dituen zailtasunak txikitzeko. Honekin erlazionatuta, Chieko Asakawak arkitekto batek egin dezakeenari aipamena egiten dio.

Bukatzeko, aurrekoarekin erlazionaturik dago gizartearen kontzientziazioa. Azken batean, arazo hau gizarte mailan presente baldin badago, errazagoa izango da alde guztiak muga horiek txikitzean inplikatzea.

Edonola ere, elkarrizketa horretan esaten duena jakin nahi baduzue, goiko loturan klik egitea izango da onena. Niri dagokidanez, onartu beharra daukat Chieko Asakawaren hitzek apur bat lasaitu nautela. Izan ere, berak ere gizartearen kontzientziazioa bezalako kontzeptuak aipatzen ditu, ezintasuna duen jendeari laguntzea zientzia mundutik harago doan zerbait dela argi utziz.

Hala ere, ohartzen naiz agian ikerkuntzarekin mesfidatiegi azaldu nintzela. Azken batean, itsu bati elkarrizketan aipatzen diren moduko ikerketak oso lagungarriak zaizkigun bezala, beste ezintasun mota bat duen jendearentzat beste ikerketa batzuk ere ezinbestekoak izan daitezke. Funtsean, gizartean era askotako arazoak dauzkagu, eta sekula ez da jakiten horien konponbidea nondik iritsiko den. Beste kontu bat da horietara bideratzen den dirua egoki erabiltzen ote den.

Ba horixe da guztia gaurkoz. Ikusten duzuen bezala, gogoeta hau ez dator oso bat bere garaian egin nuenarekin. Zientziak zientzia eta formulak formula, gogoeta hauek buru barneko zurrunbiloen ispilu izaten dira, eta bizi dugun uneak erabat baldintza ditzakete. Bada, zuek erabaki zeinekin zaudeten konformeago, gaurkoarekin edo duela urte bat egin nuenarekin. Hori bai, benetan gaurko irakurketari zentzua hartu nahi badiozue, irakurri sarreran zehar azaltzen diren loturetan dauden bi testuak.

Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07