Munduko hizkuntza askok pairatzen duen arrisku-egoera eta biodibertsitatearen galera globala konparatu ditu Nature Ecology & Evolution aldizkariko ikerketa batek. Biodibertsitatearen larrialdia nahikoa kritikoa ez bazen, hizkuntzena are handiagoa dela salatu dute: munduan diren 7.000 hizkuntzetatik ia % 50 dago arriskuan, anfibioen % 40aren, ugaztunen % 25aren eta hegaztien % 14aren aldean. UNESCOk Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkada izendatu du 2022an hasi berri den hau.