blogak

Xehe

Lili baten truke

Damian K. errotik zen euskaltzalea. Kirolari izana, berandu arte forma fisiko harrigarri baten jabe, laurogeitaka urteko aiton abertzaleak euskaraz hitz egingo zizun edonon, zer esanik urrundik bada ere familiakoak ginenokin ari bazen.  Baina bizitzak makurrarazi zuen aulki gurpildunera. Urrutitik etorritako laguntzaileak ekarririk hasi zen iristen gure atariraino. Tarea honetarako hartzen ditugun urrutikoak gehienetan latinoak ohi direnez, Damian gaztelaniaz hasi zitzaigun haren aurrean, esan nahi baita beti. Galdetu gabe dakit zaintzailearekiko errespetuagatik zela. Errespetu handiko morroiak izan gara beti euskaldunok eta, aldiz, gaztelaniadun bat gutxitan kupitzen da gutaz. Engoitik tortura saioak ziren gure arteko solasak. Arrosek gintuzten salbatu. Arratsalde eguzkitsuetan Damian hurbiltzen zigutela ohartu bezain laster, baratzeko arrosen artean lili eder eta usaintsuena moztu eta zaintzaileari eskaini irribarre opariz: “Y esta para mi negrita“. Eta erdaldunarekin bake prebentiboa sinaturik, berriro betikoak ginen denok, gure Damian eta gu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07