Hainbeste saiatu gara jendea aktibatzen motibatzen seduzitzen kontzientziatzen animatzen, “Guk euskaraz/zuk zergatik ez?” eta istorio, ezen eta orain oztopo bilakatu baitzait ulertu bai baina hitz egin ezin duen Enrike B.rekin. Familia euskaldunean sortua, Madrilen ahoa irekitzearekin ezagutuko lioketen arren baskoa dela, aspaldi galdu zuen euskaraz hitz egiteko gaitasuna. Euskararen egun sinbolikoetako batean izan balitz Enrikerekikoa ere ondo pasatuko zen, baina astegun buruzurian lehenbiziko diosalaren ostean nik nirean jarraitzean harridura ikusi nion aurpegian, pretenditu banu bezala bera bat batean euskaraz hastea. Bion adiskidetasunak ez luke jasanen, fite blokeatuko bailitzateke laguna. Horregatik, nola esplikatu oraingo kirol berriaren arauak, hau ez dela euskalgintzako profesionalok asmatutako happening berri bat? To mikroTELPa: “Txo, ez aldatu orain, mesedez, zeuk ere eutsi zeureari, ez nau batere inkomodatzen. Nik euskaraz… zuk segi gaztelaniaz”.