Pasaidazu txapa, maitea, azkenean ulertu dut-eta txistea. Aitortzen dut arinegi deskalifikatu nuela euskaltzaletasun zentralizazalearen jokaldi berri irudimentsua, “orain Belarriprest txapa euskaraz oso ondo mintzatzen diren baina hitz egin nahi ez dutenek ere eraman ahal izango dute, borondate onaren seinale”. Broma errazegiak bururatu zitzaizkidan, zein hizkuntzatan ariko dira bi euskaldun-zahar-oso-uematar-belarriprest-txapadun ezezagun elkarrekin topo egitean, eta horrelakoak. Nire aurreiritziengatik zen Euskaraldiak zapore gez motela uztea ahoan, maizter akonplexatuok ahalduntzearen bidean herriz herri bi urrats eman ditugun orduko suhar berria urardotzeko presarena. Baina Ibonen dendan entzun dut argia goizean, Faktoria programako komentario baten eta hurrengoaren erdian Euskadi Irratia gaztelaniaz hasi zaidanean. Lurrera jausi zaizkit albertxikoak, zer huan hori. A, bai, Onceren anuntzioa. Hori bai hamaikakoa, eta ez nolanahikoa. Nola ez dut eramango, bada, txapatxoa harro? Gu baino belarrihandiagorik ez baita munduan, Eire-Irlandan ez bada.