blogak

Umea, kume

Haurra, lana, etxea… bizitza espazio berean

2 urte uztailean bete zituen semea dugu, eta kalean topatzen duen orok “zer moduz ikastolan?” galdetzen dio. Eta hortxe koska eta aurpegi arraroak “ez da ikastolara joaten, ez du eta ez dugu behar” erantzuten dugunean. Zergatik? Ez dugulako uste 2 urteko haur batek ikastola, haurreskola edo dena delakoa BEHAR duenik, eta guk ez dugulako bera uzteko toki bat behar.

Eta orduan etortzen da bigarren galdera. Eta nola moldatzen zara? (Normalean galdera hori niri begira egiten dute, badakizue, emakumearen ardura baita haurra oraindik…). Etxea bi urteko haur bati egokituta, eta bizitza partekatuta. Zaila denez egunerokoa etengabe azaltzea, atzoko eguna kontatzea erabaki dut.

Ez dugunez (semeak eta nik) presaka ordu zehatz batean toki zehatzean egon beharrik, esnatzen garenean jaikitzen gara. Batzuetan besteetan baina goizago. Egongelara joan, bideo pare bat ordenagailuan ikusi eta gosaldu egiten dugu (tira, nik gosaltzen dut gehien, semea, ohean bularra hartu ondoren altxatzen da eta – a ze pagotxa, gosaria ohera egunero!-). Ondoren, gauza desberdinak egiten hasten gara, egunean egin behar direnen arabera.

Jaztea… eta ez, ez dugu haurra hartu, guk erabakitako arropa hartu eta borroka edo jolas bihurtzen une hori. Armairua zabaldu eta arropa guztia berak hautatzeko eta hartzeko tokian duenez, berak hartzen du egun horretan jantzi nahi duena (bai… bere estilo propioa du…). Aukeratu ondoren, laguntza behar badu eranzten edo janzten, laguntza eskatu eta eman egiten diogu, bestela, ahal duen moduan janzten da. Eta bitartean… ni ere janzten naiz, edo dutxa bat hartzen dut…

Eta ondoren? Zer da bi urteko haur batek egin behar duena? Autonomia landu, jolastu…

Bada hau da egiten duguna, egokiak direla uste dugun jolas eta materialeak eskura dauzka, nahi duenean hartu, erabili eta jasotzeko moduan.

Materialen gunea 1

Materialen gunea 1

 

Materialen gunea II

Materialen gunea II

Eta halaxe egiten du, bat hartu, jolastu eta jaso. Hori da baldintza bakarra, bat ateratzerako, aurrekoa jasotzea.

DSC_0018

Bere janzteko estiloa eta jolas librea

Gune horretan jolasteaz aspertzean, musikari ekiten diogu… musika tresnak, abestiak eta dantza elkarrekin.

Musika txokoa

Musika txokoa

Eraikuntzarako tartea ere hartzen dugu, psikomotrizitate fina, espazioa, geometria, matematika, koloreak, grabitatea… ikasiz.

DSC_0030

Ortzadarrarekin eraikitzen

DSC_0027

Eraikuntzetarako materialen kaxa

 Eta ondoren, eskulanetarako txokora joaten gara… Lotarako inoiz erabili ez duen sehaska, eskulanetarako mahai perfektu bilakatu dugu.

Eskulanetarako sehaska-mahaia

Eskulanetarako sehaska-mahaia

Buruhandia

Buruhandia

Eta etxekolanak ere batera egiten ditugu…

Gurekin sukalde handian "benetako" janaria prestatu nahi ez duenean, berean prestatzen dizkigu otorduak

Bi sukalde eremu berean

Eta izaten dugu ipuinak irakurtzeko tartea ere… eta aspertzekoa, eta katuaren atzetik ibiltzekoa, palan edo baloiarekin jolastekoa… eta noski, erosketak egitekoa ere, urtaroak, eguraldiaz… ikasiz.

DSC_0039

Eta orduan… eta nola egiten duzu lan etxetik, etxekolanak... sistema erraz samarra daukat, eta orain arte behintzat eraginkorra. Ohartu naiz, semeak zein ekintzetan eskatzen duen gehien berarekin egotea eta zeintzuetan egoten den lasaiago… eta normalean, ekintza bakoitzari 12-15 minutu eskaintzen dizkio… hortaz, tarte horietan egiten dut lan goizetan. Eta… askoz eraginkorragoa naiz! Tarte motzak izanik, baina asko eta euren artean denbora gutxiko atsedentxoak, tarte bakoitzari lan zehatz bat esleitzen diot, edo lan baten zati zehatz bat, eta hortaz, erraz joaten naiz eginbeharrekoen zerrendatik gauzak kentzen.

Ohartu naiz, etxean gune desberdinak jarriz, eta gune horietan, gauza bakoitzak toki bat izateak, haurra bera bakarrik entretenitzea asko errazten duela. Ohartu naiz, arau bakarra eraginkorragoa dela 300 baino: bat hartzerako aurrekoa jaso. Ohartu naiz, ordenak, ordena dakarrela, hortaz, arau hori helduoi ere aplikatzea ideia oso ona dela.

Laguntza edo alboan egotea eskatzen duen tarteetan, egon egiten naiz, jolastu, dantzatu, abestu (barka azken euriteak, emozionatu egin nintzen), edo egote hutsa, biok gozatzen dugula, eta hala, lana ere errazago egiten dudala.

Etxekolanak ere, denon artean egiten ditugu, bakoitzak ahal duena, ahal duenean eta ahal duen moduan… ez, gure etxea ez da kotoi zuriarekin begiratzeko moduan egoten, baina guretzat nahikoa da. Gainera, horretan ere, etxean lan egiteak asko laguntzen digu. Kanpoko norbait datorren aldiro, astindu ederra ematen diogu eta.

Ohartu naiz, berarekin gozatzen dudan guztia, elkarrekin ikasten duguna, egunero gauza berriak esan, egin, pentsatu, asmatu… dituela ikustea, opari handia dela, elkarri egiten diogun oparia. Eta guzti hori, espazio berean egin ahal izateak, etxea, bizi bihurtzen duela.

Eta bai… orain norbaitek “sozializazioan” pentsatuko du eta esango du gure haurrak ez duela sozializazio egokia… Tira, bada, pentsa dezagun apur batean… hezkuntza sistemaren barnean, bi urtekoen gela, ez da haur hezkuntza ere sartzen… hegoaldean behintzat, derrigorrezko hezkuntza, lehen hezkuntzan (6 urterekin) hasten dela kontuan hartzen badugu… ez da gehiegizkoa eta apur bat behartua, bi urteko haurrak x orduz, egunero, elkarrekin egonaraztea? Gure haurrak sozializazio prozesua oso modu naturalean egiten duela uste dugu… egunean zehar, gurekin egoteaz gain, etxera iristen diren mezulari desberdinekin (bai, online proiektu bat etxetik eramateak hori dakar, tinbrea egunean zehar maiz entzuten dugu), denda desberdinetako saltzaile eta bezeroekin, kalean topatzen dugun jendearekin eta arratsaldeetan beste haurrekin egiten du. Bere erritmora, eta erreferentziazko figurak, gertu dituelarik. Eskolarako denbora izango du gero ere, goizetan elkarrekin gozatzekoa, ziurrenik ez.

Gai honen inguruan asko gustatzen zaidan bideoa: Escolarizar o Socializar

Beraz bai, posible da haur batekin etxetik lan egitea eta zoriontsu izatea.

Gakoa erraza da, etxea ondo prestatzea eta antolaketa ona izatea, tarte motzetan eraginkortasun handiz lan egiteko… 

Baina batez ere, gozatzen jakitea!

The post Haurra, lana, etxea… bizitza espazio berean appeared first on Umea, kume.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07