blogak

Umea, kume

Emakumea galtzaile

Azken aldian bero-bero dabiltza blogak eta sare sozialak gurasotasunaren inguruan dauden lanbide desberdinen inguruko polemikekin. Urte batzuk dituzten polemikak batetik, bularra/biberoia, haurraren negarra, haurraren loa, ama ona/txarrarena… eta baita berriagoak ere.

Eztabaida berrien artean, bi batez ere puri-purian: batetik doulen inguruan eta bestetik beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituztenen inguruan.

Nondik datozen ulertzeko historia apur bat: Aintzinako Grezian doulak emakumearen zerbitzura zeuden emakumeak ziren; 70eko hamarkadan, hitz hori berreskuratu zen eta gaur egun munduan zehar asko hedatu da doularen figura. Oinarrian, emakumearen alboan dagoen eta sostengu emozionala ematen dion emakumea da, normalean ama (nahiz eta badiren ama ez diren edo gizonezko zenbait ere).

Doulak ez du erditzea artatzen, hori emaginaren lana da erditze normala bada (eta ginekologoarena zailtasunen bat agertzen bada), emakumearen alboan egoten da soilik. Ez du inondik inora, emaginaren lanean esku hartzen, emaginari dagokion erabakirik hartzen ezta emaginaren lana oztopatzen ere. Doularen egin beharra, emakume horren alboan egon eta sostengu emozionala eskaintzea da. Hori, urteetan zehar, inguruko emakumeek egiten zuten, baina gaur egun, tamalez, tribu izaera galdu dugu.

Sarean dabilen eztabaidetako bat, honen harira dator. Doulak, herrialde desberdinetan onartuak diren arren, hemen inguruan, doulen aurkako mugimendua hazten ari da. Eta kezkagarri iruditzen zait, bi arrazoi nagusirengatik: batetik, doulen kolektibo osoari erasotzen zaiolako lekuz kanpo dauden salaketen bidez eta bestetik, ezjakintasunak mugitzen duen olatua dela uste dudalako.

Sistema eraikita dagoen moduan, emakume edo/eta gizonezko askok gustatuko litzaieken sostengua emozionala, informazioa… falta dute gurasotasun prozesuan zehar. Emagina edo ginekologoaren kontsultak ez dira nahikoa behar hori asetzeko eta hori eskainiko dien pertsonak bilatzen dituzte. Zer dauka horrek txarretik? Doulak ez die emaginari edo ginekologoari dagozkien gaietan eragingo, baina bai akaso, beraiek duten beste beharren batean: entzuna izatean, emaginaren kontsultara laguntzean…

Eztabaida emagin elkarte batzuetatik abiatu da. Intrusismoa dagoela salatu dute. Instrusismoa oso larria da, eta doula batek emaginari zegokion zerbait egin badu (entzun da emagin izan gabe erditzeak artatu dituenen baten berri adibidez), hori gogor salatu behar da. Baina okin batek egindako gehiegikeria bat, okinen kolektibo osoa salatzeko nahiko da? Ez dut uste.

Doulek behin eta berriro azpimarratzen dute erditzea artatzea, alderdi medikuari dagozkion gaiak artatzea… emaginaren esparrua direla, eta emagina-doula elkarlanak emaitza zoragarriak eskaintzen dituela aitortzen duten ikerketa eta testigantza asko daude. Orduan zer gertatzen da?

Zoritxarrez, emaginak urteetan zehar baztertuak izan direla, euren lanean eta eskumenetan zapalduak, eta orain, beraien tokia, eta ongi merezitakoa, berreskuratzen hasita daudenean, doula hitza geroz eta gehiago entzuten dela.

Doulek argi izan behar dute zein diren emaginaren eskumenak, zein den euren esparrua, zein diren mugak. Baina baita alderantziz ere, emaginek jakin behar dute doulak ez datozela beraien esparrua zapaltzea, doularen papera ez dela inoiz beraiena oztopatzera joango, emakumearen alboan egon eta sostengua ematera doazela gurasotasun prozesu osoan, eta lasai dagoen emakume baten erditzea, adibidez, errazagoa izaten dela. Esan bezala, herrialde askotan, elkarlana ohikoa da.

Eta beste eztabaida iturria… ildo beretik, edoskitze aholkulariak, gurasotasun aholkulariak, akonpainamendua, soinean eramate aholkulariak… helburu dituena da. Hemen, eztabaida erregulazioa eta esparruaz haratago doa: ordainsaria eta izenean dago arazoa. Antza, aholkulari batek bolondreski eskaini behar ditu bere denbora eta ezagutzak (barka, baina aholkulari fiskalak, irudi aholkulariak… debalde lan eginez bizi dira?) edo bestela, ezin omen dira aholkulari deitu.

Ez omen da etikoa, laguntza behar duen familia bati, lagundu eta trukean, dirua jasotzea (nahiz eta ogasunean deklaratua izan eta dagokion autonomo kuota ordaindu). Hori guztia, urteetan zehar bolondreski tribuak egin duenez, ez omen da etikoa.

Doula, x-en aholkulari edo dena delakoak, ikasketa prozesu baten ondoren eskainiko du bere burua beste familia batzuen bidelagun izateko. Ikasketa horiek, ezagutza horiek bereganatzeak, denbora eta dirua eskatu dio ziur. Eta familia horren etxera joan eta behar duten hori eskaintzeak dirua eta denbora suposatzen dio. Zein da arazoa zerbitzuengatik ordaintzean? Iturginari etxera etortzeko deitu eta gertatzen dena ikuste soilagatik, faktura jasoko duzu. Berdin fular bat erabiltzen irakatsiko dizun aditu bat behar baduzu.

Eztabaidak eztabaida, eta iritziak iritzi, gehien kezkatzen nauena zera da: emakumearen erabakitzeko eskubidea ahazten dela. Emakumeak erabakiko du emaginaz gain doula bat nahi duen edo ez. Erditze ostean etxean fularra erabiltzen irakatsiko dion norbait nahi duen edo ez. Edo pianojole bat kontratatu nahi duen.

Elkar errespetatzen ikasten ez dugun bitartean, emakumea galtzaile.

Amaitu aurretik, aipaturiko zenbait datu:

*Estudio Controlado: Apoyo emocional continuado durante el parto en un hospital de Estados Unidos

Estudio Controlado de Apoyo durante el parto en parejas de clase media: efecto en las tasas de nacimiento por cesárea

Estudio: Estrategia Alternativa para la disminución de Cesáreas, apoyo de Doulas en el parto

Artículo del Hospital Physician: Soporte social de las Doulas durante el Parto y el periodo de Posparto Temprano

Revisión Cochrane: Soporte continuado a las mujeres durante el parto

 

The post Emakumea galtzaile appeared first on Umea, kume.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07