XXI. mendean murgildu garen honetan galdera ugari dago erantzuteke tokian tokiko komunitateetan. Besteak beste, aurreko hamarkadetako ereduek utzitako ajeak metatzen ari zaizkigu, hala nola, gazteen galera, adineko biztanleriaren hazkunde bizkorra, etxebizitzaren jabego eta erabilerari lotutako arazoak, jarduera ekonomiko zaharkitu eta enpleguari lotutakoak… Hau da, nola ulertu eta nola eragin arlo nagusietan eredu jasangarri bat gorpuzten joateko? Nola egin eredu hori ekosistemikoa izateko?
Click to view slideshow.Esan daiteke, XXI. mendeko erronka iraunkortasuna baldin bada, Euskal Herriari bere eredua bere berezitasunetatik artikulatzea dagokiola. Xede hori, ordea, ezin da asmo bat izan. Interbentzioari lotutako ikuspegi eta jarduera agenda oso bat eraikitzen joan beharra dago, konplizitateak josiaz, diziplinartekotasunean eta lidergo egokiarekin. Ziur aski udalerri bakoitzak bere bidea zehaztu beharko du, bere baitako adostasun eta aukerak ongi artikulatuz, ez dago denontzat balio izan dezakeen erantzun edo eredu bakar bat. Bada, ordea, denon artean eraiki behar dugun dinamika praktiko bat tokian toki arazoei erantzunez eta tokiko iraunkortasunaren euskal paradigmari forma emanez.
Ekologia urbanoa eta urbanismo ekosistemikoa gaur egun kontzeptu arrotzak dira Euskal Herriko herrien planifikazio estrategikoan, eta, aldiz, eragin handiegia dute kanpo faktore ekonomikoek eragindako beste zenbaitek. Alta, esango genuke, tokiko iraunkortasunak xede komunitario propioa izango badu, herri ikuspegiz begiratu eta pentsatu beharra dagoela lan agenda, kontuan hartuz komunitateak (inguru metropolizatu zein mendialdekoak) eta komunitate hauek iraunkortasunez garatzeko behar dituzten osagaiak (etxebizitza, elikadura, mugikortasuna, energia, zaintza…). Aldi berean, horiek elkarren artean duten eragina perspektiba ekosistemikoz jorratu beharko litzateke.
Gaindegia UDALBIZI egitasmoaren bitartez egoera ezagutarazi eta xede honi erantzuten dioten kezka zein lanabesak ari da lantzen. Etorkizunean xede honen inguruan ezagumendua partekatu eta sarean lan egiteko dinamika bat eragin nahi genuke. Tokiko iraunkortasunaren euskal eredua landu eta gorpuzteko behar den indarra.