Desoreka globalen garaian bizi gara: aldaketa klimatikoa, krisi ekonomikoak eta finantzarioak, biztanleria migrazio bortitzak… Fokoa arazo horien gainean jartzen diguten bakoitzean momentuko asaldura eragiten digu. Aldiz, eguneroko bizi-erritmoaren baitan, ez gara gure inguruan gertatzen diren aldaketez jabetzen, eta beraz, ez gara gertakari horiek kontrolpean hartzeko gai.
Euskal Herriak aldaketa ugari bizi ditu azken urteetan. Horietako prozesu batzuk garai batean ezarri ziren egiturazko ezaugarrien ondorio dira, eta beste batzuk, berriz, garai berrietako inertzien menpeko. Argi dagoena da prozesu horiek aintzat hartu eta eragiten dituzten kalteei aurre egin ezean gure herria hamarkada luzez baldintzatuko dugula berriro, pertsonen eta lurraldeen arteko desorekak murriztu beharrean horiek areagotuz.
Beraz, gure auzo, herri eta bailaren oraina ezagutu eta etorkizuna irudikatu behar dugu hartu behar dugun bideari ekiteko. Non gauden eta nora goazen zehaztu, alegia. Izan ere, biztanleria galera, zahartzea, enplegu gabezia, emantzipazio gaitasuna edo eta zerbitzuen eskuragarritasun eza ez dira arazo bakunak. Problema horiek estrukturalak dira, elkarri eragiten diote eta lurraldean dute eragina, eta beraz, neurriko erantzuna behar dute.
Gero eta pertsona gehiago bizi dira hiriguneetan. Bizi proiektuen zein aukera ekonomikoen espektatibak direla eta biztanleriak hirietara alde egiteko joera du. Europan, esaterako, 2014 urtean biztanleriaren %72,5 dagoeneko hiri handi edo tarteko hirietan bizi zen. Euskal Herriak ere metropolizazio eta periferizazio prozesu indartsuak bizi ditu: gaur egungo biztanleriaren %82,6 hiriguneetan bizi da, eta gainerako %17,4, bakarrik, landa-eremuan.
Euskal Herriko biztanleria kopurua gero eta handiagoa den arren, metropolizazioak udalerri askoren biztanleria galeran eragina du, nagusiki landa-eremutik hirigunera alde egiten duten gazteak direla eta. Gainera, azken urteetako migrazio saldoa positiboa izan da, 2008ko krisi ekonomikoaren ondorengo urteetan ez bezala, eta hiriguneak dira atzerrian jaiotako euskal herritar gehien bereganatzen dutenak.
Testuinguru horretan, 2008-2017 urteen artean Euskal Herriko 317 udalerrik biztanleria galdu dute, eta horietatik ia %90 landa-eremuko udalerriak dira. Horiek horrela, hiri nagusiak dituzten eskualdeek eta inguruko eskualdeek biztanleria hazkunde handia izan duten bitartean (Errobi Herri Elkargoa, Donostialdea, Plentzia-Mungia eta Iruñerria kasu), landa-eremuko hainbat eskualdek biztanleria galera nabarmenena jasan dute (Erronkari-Zaraitzu, Zangozerria edo eta Arabako Mendialdea).
Nolanahi ere, lurralde desorekak ez dira hirigunearen eta landa-eremuaren arteko kontua bakarrik. Metropolizazio prozesuak hiri barneko adinaren, jatorriaren zein maila sozioekonomikoaren araberako segregazioak areagotzen ditu, eta horiei aurre egiteko bideak aurkitu ezean udalerriko kohesio soziala higatzeko faktore bilakatzen dira.
60ko eta 70eko hamarkadetan Euskal Herriak bizi izan zuen hazkunde demografiko bortitzak eta ondorengo belaunaldien ordezkapen ezak gaur egungo biztanleriaren zahartze tasa altuan dute isla. Pertsona gazteen barne migrazioak, beraz, lurralde eremu bateko adin egitura gaztetzen duen bitartean beste lurralde bateko biztanleria egitura zahartzea eragiten du. Euskal Herrian adinaren araberako lurralde segregazioa gero eta handiagoa da.
Ez da harritzekoa, beraz, zahartze tasa altuena duten eskualdeen artean biztanleria galdu duten lurraldeak aurkitzea (Erronkari-Zaraitzu, Xiberoa lurralde eremua, Irunberrialdea eta Arabako Mendialdea, adibidez), eta zahartze tasa baxuenak dituzten eskualdeak hiriguneen bueltan kokatzea (Plentzia-Mungia, Iruñerria, Hazparneko Herri Elkargoa edo eta Urola-Kostaldea). Laburrean, 214 udalerritan bere biztanleriaren laurdena baino gehiago 65 urtetik gorako adineko pertsonek osatzen dute, eta 163 udalerritan 80 urtetik gorako adineko pertsonak %10etik gora dira.
Biztanleriaren zahartze tasa altuak udalerri askok metabolismo demografiko oso desorekatua dutela adierazten dute; hau da, bere biztanleria biziberritzeko gaitasuna apala da belaunaldi gazteen urritasuna dela eta. Bide berean, udalerri horiek lan egiteko adinean dagoen biztanleria kopurua txikituz doa, aktibitate ekonomiko endogonenoa sortzea eta mantentzea zailtzen duelarik. Egoera honen aurrean, zahartutako komunitateetan adinekoek behar dituzten laguntza eta zaintza lan komunitarioak zeinek eta nola egingo dituen galdetu beharko genioke geure buruari.
Halaber, gure egitura ekonomikoak lurralde desorekak ere nabarmentzen ditu. 2008ko krisi ekonomikoaz geroztik industriak ekonomian zuen indarra galtzen ari dela erakutsi digu. Hainbat eskualde industrializatuk sektoreari lotutako enpresak itxi eta enpleguak galdu dituzte. Orain arte aberastasunaren eta ongizatearen banaketan garrantzi handia zuten enpleguak desegin dira. Ekonomiaren tertziarizazioak, aldiz, kapital ekonomikoa eta baliabideak hiriguneetan kontzentratu ditu, enpleguen prekarizazioari bidea irekiz.
Udalerrien enplegu nahikotasuna aztertuta (enplegu kopurua 16-64 urte bitarteko biztanleriarekiko) hiriguneek eta industria mantentzen duten zonaldeek enplegu eskaintza zabalena dutela antzematen da (Debagoeina, Durangaldea, Bortziriak, Gorbeialdea, Donostialdea, Iruñerrian, Aturri Kostaldea Hirigunea), eta aldiz, landa-eremuetako eskualdeetan eta industria galdu den zonaldeetan enplegu gabezia bistakoa da (Enkartazioak, Zangozerria, Irunberrialdea, Ezkerraldea). Datuak hobeto ulertzeko: Euskal Herriko 148 udalerritako enplegu kopurua bere 16-64 urte bitarteko biztanleriaren %25 baino txikiagoa da, eta beste 289 udalerritan ez da %50era iristen.
Nolanahi ere, gaur egungo lan-merkatuak ez ditu lurralde mailako desorekak bakarrik eragiten, gizon eta emakumeen arteko errenta diferentzia nabarmenak ere eragiten ditu. Izan ere, mantendu dugun manufaktura industriako langilegoa oso maskulinizatua izan da. Eta arestian aipatu dugun enpleguaren prekarizazioak emakumeen, gazteen eta migranteengan eragiten du bereziki.
Ezin dugu aipatu gabe utzi biztanleriaren bilakaeran eta metropolizazio prozesuan azken hamarkadetako urbanizazio prozesuek izan duten eragina: lurraren gehiegizko artifizializazioa eragiteaz gain, hiriguneetako etxebizitza parkearen handitzea biztanleria erakartzeko modua izan da. Etxebizitzaren gaineko errentagarritasun espektatiba berriek, ordea, bere eskuragarritasuna asko mugatu dute: salmenta prezio oso altuak, alokairu eskaintza urria, pisu turistikoen areagotzea… Nola bermatuko dugu pertsona ororen etxebizitza eskubidea?
Horiek horrela, dinamismo handia dagoen lurraldeetan etxebizitza erabileraren tasa handia dela ikusi daiteke, eta aldiz, landa eremukoak eskualdeak dira, batetik, eta kostaldeko hainbat udalerri, bestetik, erabilera ez iraunkorreko etxebizitza gehien dituzten eremuak: Arabako Ibarra, Arabako Mendialdea, Erronkari-Zaraitzu eta Hego Lapurdi dira horren adibide.
Bide berean, egunerokotasunean behar ditugun oinarrizko zerbitzuen lurralde mailako eskuragarritasuna aztertuta zerbitzuen eskaintza aproposena hiriguneetan kokatzen dela esan dezakegu, errepide sare nagusiari lotuta hain zuzen ere. Landa-eremuko udalerri eta eskualdeetan, berriz, zerbitzuen eskuragarritasun maila apala da, ibilgailu pribatuarekiko ezinbesteko dependentzia eraginez. Lurralde desoreka agerian geratzen da beste behin.
Azaldutako prozesuek sistema konplexu bat osatzen dute; hau da, faktore bakoitzak gainerako faktoreekin duen interakzioaren ondorio bezala bakarrik ulertu daiteke emaitza, eta ez arazo bakar batek bere baitan bakarrik duen eraginaren arabera. Nola bermatu, orduan, gure auzo, herri eta bailaretako geroa iraunkorra izatea? Nola pertsonen bizi proiektuak aurrera eramateko gaitasuna? Erronka sistemikoa den aldetik erantzunak ere halakoa behar du: sistemikoa, kolektiboa eta tokian tokikoa.
Biztanleria gaztearen errotzea, adineko pertsonen zaintza, enpleguaren nahikotasuna eta egokitasuna, etxebizitzaren eskuragarritasuna… Horietako edozein helburu betetze bidean jartzeak eragingo du gainerako helburuak ere betetzeak. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da eragile desberdinen arteko konpromisoa eta adostasuna. Besteak beste problematika eta gaitasun propioak identifikatu, ezagutza sortu eta aurrerako bidea elkarrekin egiteko ezinbesteko adostasuna.
Ahalegin horretan, beraz, iraunkortasun paradigma propioa eraiki behar dugu, Euskal Herriko errealitate desberdinei erantzuteko baliagarria izango dena. Zer esan nahi du, baina, auzo/herri/bailara bat iraunkor izatea? Funtsean, ingurugiroan ahalik eta gutxien eraginez gure bizigarritasuna bermatzea; gure bizi proiektuak bertan gauzagarri egin ahal izatea.
Iraunkortasun hitzaren esanahia, ibiliaren ibiliaz, hutsean geratzen ari da. Sinetsita gaude balio handiko paradigma izaten jarraitzen duela, hain zuzen ere gure lurraldearen iraunkortasuna irudikatzeko gai baita. Izan ere, XXI. mendeak erakutsi digu orain arteko lurralde ereduak ez dela iraunkorra, udalerri gehienak krisi demografiko eta sozioekonomikoan utzi baititu (Euskal Herriko lurralde azaleraren zati handi bat). Beraz, iraunkorra zer ez den jakinda, iraunkorra zer izan daitekeen jakitetik hurbilago gaude. Denoi dagokigu iraunkortasun hitza berriro edukiz eta esanahiez betetzen hastea, gure herrien etorkizunean sinesten badugu, bederen.
Hori da Gaindegiaren asmoa: Euskal Herriko gizarte eta ekonomia garapenerako behategia den aldetik, Euskal lurraldean ditugun komunitateen bilakaera ezagutu, komunitate horien iraunkortasunaren inguruko sentsibilitatean eragin eta aurrera egiteko behar diren lanabesak eskaintzea. Eta horretarako Udalbizi egitasmoa abian du.