blogak

Txeptxa eta txilarra

Urteberri on!

Pertsonak bezainbeste modu eta ohitura daude gure inguruan urte zaharrari agur esan eta berriari ateak irekitzeko. Batzuek zorte ona eskuratzea dute helburu, askok eta askok kanpaikaden erritmoan jaten dituzten mahatsak bezala. Bestalde, maitasunean zorte ona nahi bada ez omen dago barruko-arropa gorria eramatea bezalakorik.

Hurrengo urtean diru gehiago eskuratzea baldin bada zure helburua, besteak beste aukera hauek dituzu: lentejak jatea (euren forma borobilagatik txanponak erakartzen omen dituzte), gainean dirua eramatea edo txanpaina-kopan urrezko zerbait sartzea, hauek omen baitira oparotasun ekonomikoa eskuratzeko zenbait bide.

Beste askok, urte amaiera edo hasiera aktiboago bat nahi dutela-eta korrika egiten dute (azken urteetan gero eta ohikoagoak diren San Silvestre lasterketak ikusi besterik ez dago) edo mendiren bat igo (Adarra edo Aralarko San Migelera igotzeko ohitura bada adibidez), noski, amaieran hamaiketako goxoa eta salda katilukada hartzeaz ahaztu gabe (utzi osasuntsuago jatea urtarrilak 2rako!).

Gure etxean berriz Urtezaharretako kanpaikadekin mahatsa ordez “kongito” bana jateko ohitura dugu, lagunek bezala egin nahi eta, mahatsa gustuko ez nuenez aukera hura proposatu bainuen etxean. Egia da etxekoek hasieran ideia oso gustuko ez zutela, baina txokolatea izaki, nahiko konbentzitua daudela jada esango nuke (txokolatea baita ate guztiak irekitzeko giltza!). Bestalde, Urteberri goizean Orioko Kukuarrira ibilalditxoa egitea da asmoa, ea bigarrengo aldiz egitearekin ohitura finkatzeko nahikoa ote den!

Zuek ere, dituzuen ohiturak dituzuela ere, haiek bete eta Urteberri ona izango al duzue!

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07