blogak

Txeptxa eta txilarra

Madame Moustacheren ezustekoa

Diotenez bidaiatzeak gauza berriak ikastea dakar berarekin eta hala pasa zait niri ere ikasketengatik Bruselara etorri naizenetik: nire bizitzan hamaika gauza berri sartu direla. Ezagutu dudan pertsona bakoitzak bere gustuak partekatu ditu ingurukookin eta honela, pixkanaka sukalde ezberdinetako platerak, pelikulak, musika estilo berriak… gehitzen joanez, gure Kot multikulturala osatzen eta gozatzen aritu gara. Horietako bat da Lindy Hop dantza estiloa, gure etxeko estatubatuarrak pasioz bizi duena.

Bere etxean hura dantzatzeko ohitura du eta sarritan joaten omen da dantzaldietara, beraz, Bruselako Ixelle auzoan kokatua dagoen lokal batean ere dantzaldiak egiten zituztela jakin zuenean, zuzenean hara eraman gintuen. Dantzaldi horiek Madame Moustachen egiten dira, astearte iluntzeetan.

Izen polita izan arren hara iritsi eta lokala kanpotik ikustean aitortu beharra dut pixka bat desilusionatuta geratu nintzela, ez baitzirudien beste munduko ezer. Baina usteak erdia ustel! Barrura sartu bezain laster konturatu ginen barrualdea izenak pentsarazten zuen bezain zoragarria zela: dekorazio oso landua zuten (esate baterako mahaietako kristalaren azpialdeak kartel txiki ezberdinez forratuak zituzten, mosaiko bat osatuz) eta esertzeko leku goxoak, baina dudarik gabe, barraren aurreko dantzalekua zen lokalaren erdigunea.

Iritsi ginenerako (iluntzeko zortziak aldera) musika jarria zeukaten, baina hiru pertsona besterik ez zeuden gutaz gain, bi mutil eta neska bat, txandaka elkarrekin dantzan. Gure artean dantzan batek soilik zekienez, hasiera batean dantzalekuaren alboetan egon ginen begira. Denbora aurrera joan hala gero eta jende gehiago hasi zen iristen eta ordubete pasatxorako, dantzalekua abiadura azkarrean mugitzen ziren gorputz-adarrez toperaino betea zegoen; ondorioz, lokaleko tenperaturak segituan egin zuen gora, dantzan ez geudenak ere izerdiaraziz.

Eta hain zuzen ere, Bruselatik pasatuz gero eta denbora baldin baduzue, izerdi-patsetan utziko zaituzten labe hori bisitatzea gomendatuko nahiko nizueke. Zergatik ordea?

Ba lehenik eta behin bertan ikusi daitezkeen dantzari trebeengatik. Dantzari ikaragarri finak topatu ahal izan genituen (pentsa, batek, kontatu zigutenagatik, Madrilen lehiaketa bat irabazi berria zuen!) eta haiek dantzan ikustea, bereziki bi bikotekideak oso trebeak baziren, plazer hutsa izan zen (eta dohainik gainera!).

Bigarren, giroagatik; musika estilo hau oso alaia da eta zaila iruditzen zait hura entzun bitartean triste edo haserre egotea, bizitza goxatzeko modu polita da.

Hirugarren, jendeagatik; izan ere, jende nahasketa handia topa daiteke bertan, adin eta jatorri oso desberdinetako jendea elkarrekin dantzan; berdin zioen dantzarien maila, hasiberriek zein trebeenek euren lekua zuten dantzalekuan eta elkarrekin ere dantzatzen zuten, batak besteari laguntzen ziolarik. Esate baterako, hiru dantzari ezberdinek beraiekin bina dantza (ohitura omen da bikote bakoitzarekin gutxienez bi dantza dantzatzea) dantzatzeko aukera eman zidaten eta azken dantzarako gutxienez erritmoa jarraitzeko (nire ikuspuntutik behintzat! Jajaja) bezainbeste ikasia nuen haien laguntzari esker. Lagun estatubatuarrak kontatu zigunagatik, klaseetara joatea ohikoa den arren, jende askok honelako dantzaldietara joanez ikasten omen du dantzatzen, herriko plazetan Euskal dantzak ikasten dituztenen antzera.

 
Baina gehien gustatu zitzaidan gauza dantzalekuan zegoen ohiko rolen hausketa izan zen. Lindy Hopen, bikoteka dantzatzen den dantza gisa, gidari edo lider bat eta haren jarraibideei kasu egiten diona daude. Honelako dantza gehienetan, begirada hutsean oso erraz identifikatu daitezkeen bezala, gizonezkoak hartzen du ohikoan lider papera eta emakumezkoak berriz jarraitzailearena. Eta ofizialki nola joango den ez dakidan arren, gau horretan Madame Moustacheko dantzalekuan pozik deskubritu nuen araua ez dela beti jarraitzen; bai, egia da bikote asko neska eta mutilen artekoak zirela eta haietan gehientsuenetan mutila zela gidaria, baina hala eta guztiz ere, egon naizen beste dantzalekuetan baino “arau-hauste” askoz ere gehiago zeuden. Esate baterako, sexu bereko bikote ugari ikusten ziren eta ez zuen axola gidariaren sexuak, besterik gabe dantzari trebeena zenak hartzen zuen gidari lana; honela, bikote jakin batean gidari zenak bikotekidea aldatzean jarraitzaile papera hartu zezakeen inolako arazorik gabe bikotekide berria bera baino trebeagoa baldin bazen.

Dantza honen inguruan ezer gutxi dakidanez, ez dakit klaseak ere dantzaleku horretan bezala izango ote diren, baina pozik nago edonola ere, gau horrek aukera eman zidalako ezustekoan gizarte arautik ihes egiten zuen festa bat gozatu ahal izateko!

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07