blogak

Txeptxa eta txilarra

Behaketatxoa

Badira pare bat aste (izatez hiru, azaroak 19 eta 20an izan baitzen, baina tira) Bilbon Analisi Politiko Kritikoa III kongresua ospatu zela, Parte Hartuz eta EHU-ko Politika eta Administrazio Zientzia Sailaren antolakuntzapean. Antropologiako ikasle gisa nire lehen kongresua izanik, hitzaldiak entzutera joateaz gain, giroaren eta gertaeren behaketa txiki bat egiteko aprobetxatu nuen, eta hiru ondorio hauek atera nituen:

Lehen ondorioa: kontua ez dela zer esaten den bakarrik, baita nola esaten den ere. Honela entzunda, nahiko logikoa dirudi, baina ez dakizu nolako garrantzia duen horrek aurrean duzun hizlariak bere hizkera geldo, hizkuntza nahasi eta hitzaldiko puntuetan atzera/aurrera egindako saltoekin azkenean zer arraio esan nahi ote duen asmatu ezinik borrokan ordubete pasatzen duzun arte (eta nola pasatzen den ordubetea minutu gutxi batzuk balira bezala, gauzak txukun, argi eta era dinamikoan azaltzen dituen hizlari batekin).

Bigarren ondorioa, kontuan hartzekoa dela galdera laburren kontzeptua aldatu egiten dela akademikoen artean, eta ohitura dutela beren gaiarekiko ikuspuntu osoa galderarekin batera azaldu nahi izateko (izatez gauza txarra ez dena, baina luzatu egiten da kontua); hori bai, argi eta garbi bereiz dezakezu galdetzaile bakoitzaren ideologia euren galdera moten arabera.

Hirugarrena eta azkena, berriz (eta agian ondorio garrantzitsuena izan daitekeena!), atsedenetan edateko kafea eta antzekoak zein jateko zerbait jartzen dutela (zoragarriak zeuden txokolatezko bizkotxo batzuk adibidez). Beraz, inoiz beharrean bazaude eta jatena non lortu ez baduzu asmatzen, badakizu, bilatu zure herrian edo inguruan kongresuren bat ospatzen den!

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07