blogak

Tropela

Aisia 

17 euskaldun izango ditugu aurtengo Vueltan

17 izango dira aurtengo Vueltan izango diren euskal herritarrak. Nabarmen egin du gora partaidetzak batez ere Euskadi-Murias taldea talde gonbidatuen artean aurkitzen delako. Bera izango da euskaldun gehien dituena, sei hain zuzen ere: Jon Aberasturi, Aritz Bagues, Mikel Bizkarra, Gari Bravo, Mikel Iturria eta Oscar Rodriguez. Hauen asmoa ihesaldietan eta lasterketan presentzia nabarmentzea izango da, eta etapa garaipen bat lortzen badute gustura baino gusturago izango da Jon Odriozola talde arduraduna.

Caja Rural taldeak bi euskaldun izango ditu bere 8koan, Alex Aranburu eta Jonathan Lastra. Hauek ere Muriasen antzera presentzia nabarmentzea izango da eta etapa garaipena lortzea.

Astanak Pello Bilbao eta Omar Fraile izango ditu Vuelta honetan. Taldeburua Miguel Angel Lopez izanik, badirudi hauei lan egitea egokitu zaiela, baina ezin dugu ahaztu nola Pellok 6. amaitu zuen Giroan Superlopez podiumeko postuan sartu zen arren. Omarrek etapa garaipenen bat lortu nahiko du, Vueltako etapa bat falta baitzaio Tourrean eta Giroan jada lortuak baititu.

Ion Izagirre taldeburu izatekotan ekin zion aurtengo Tourrari, baina Nibali erori eta Tourra utzi beharrean izan ondoren Vueltan egingo du itzulera. Hau horrela izanda, eta aste honetan hurrengo bi urteetan Astana taldean izango direla jakinda, zalantzak ditut ea benetan Ion taldeburu izango den. Gustatuko litzaidake hala izatea ze seguru bainaiz prestaketa guztia horretarako gauzatu duela. Eta Gorka anaia ere, aurten eman duen aurrerapausoa ikusita, alboan izan beharko luke.

Lehen euskaldunaren puntuak biltzeko hautagaien artean Izagirre anaiak eta Pello izango dira zalantzarik gabe.

Trek, Dimension Data, SKY, Movistar eta Cofidis taldeak dira euskal ordezkari bana izango dutenak.

Markel Irizarrek beste urtebetez luzatu du Trek taldearekin eta taldeari bere laguntza osoa emango dio. Mollema izango dute taldeburu eta etapa lauetan berari laguntzen izango da, edo akaso beste taldekideren bati etapa garaipen bat lortzeko saiakeran. Zalantzak daude ea Mollema sailkapen nagusira edo Mundiala prestatze aldera etapa garaipen bat lortzera joan den Malagara.

Igor Antonek aurtengoan indartsuago dagoela erakutsi du bai Klasikoan baita Burgosen ere. Dimension Datako taldeburua Meintjes izango da, baina seguru Igor alboan izango duela. Etapa garaipen bat lortzeko saiakera egiten badu hori Getxotik abiatuko den etapan izan daiteke.

Jonathan Castroviejok Tour ikaragarria egin du eta iruditzen zait Vuelta hau lasaiago hartuko duela, batez ere lider sendorik ez dutelako zortzikoan. Seguruenik bere helburua bi erlojupekoetan jarrita izango du, batez ere Torrelavegakoan, berarentzat egokiagoa baita.

Imanol Ervitik Markel eta Jonathanen antzera bere liderrentzat lan egin beharko du. Hau ere Tourrean lan berdintsuetan aritu ondoren, Quintana, Valverde eta akaso Carapazi laguntzeko eginkizuna izango du. Laguntzeko eginkizunetan, beraz, buru belarri.

Loic Chetout baionarra ere ez dugu ahaztu behar. Cofidis Herrada taldeburu eta esprintetarako Bouhanni badute ere, Loic-ek erakutsi du gai dela ihesaldietan sartu eta postu txukunak egiteko. Beraz, taldeari laguntza emateaz gain, seguru ihesaldiren batean ikusiko dugula.

Bihar abiatuko da Vuelta Malagan jokatuko den bakarkako erlojupekoan. Hemen gehitzen dizkizuet euskal txirrindularien irteera orduak.

Zorterik onena opa dizuet, mutilak!!

 

 


Tropela.eus-en ikusi post hau

Erlazionatuak:
#274 Tropela.eus podcastak: 2018ko Frantziako Tourra errepasoak – 15. etapa
#273 Tropela.eus podcastak: 2018ko Frantziako Tourra errepasoak – 14. etapa
#258 Tropela.eus podcastak: 2018ko Frantziako Tourraren ingurukoak

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07