blogak

Titarea eta orratza

Eskuz ehundutako iraultzak

 

Titare, orratz eta hari biloek ez dirudite iraultza bat egiteko tresna egokienak beharbada. Metalezko hatz estalkia batetik; azala zeharkatuz gero odol tanta bakar bat sor dezakeen puntadun orratza bestetik; artiletik eratorritako matazak azkenik. Baina brodatuak eta ehungintza, boteretsuen indarkeriaren kontra egiteko elementuak izan dira historian zehar. Iraultza iruditegi belikoaren neurrira eta arabera ikusten ikasi dugun garaiotan, burdinazko ezkutu eta lantza bat bezain iraultzaileak izan daitezke titare eta orratz bat.

 

Les Tricoteuses Jacobines ou de Robespierre

 

Esan Frantziako Iraultza (1789-1799) deitutako horren karietara sortu ziren tricoteuses-ei bestela. Estatu liberalaren zimentuak ezartzen ari ziren garaietan, erabakigune eta asanbladatara joan eta ehuntzen edo puntua egiten egon ohi ziren emakumeak ziren. Ildo jakobinoaren alde kokatuak, kontra-iraultzak sorgin maltzurrak bailiran irudikatu zituen emakume talde hauek. Robespierren ehuleak bezala egin zituzten ezagun, Les Tricoteuses Jacobines ou de Robespierre. Gillotinaren aurrean josten agertzen ziren andrezko beldurgarriak bezala erretratatzen zituzten, urkamendiaren alboan gozatu ohi zuten munstroak. Erreformaren kontrakoen hitzetan, emakume frantses goxo eta sentiberak hotz eta odolzale bihurtzen ziren jendaurrean josten. “Pribatuan egin beharreko hori, jostea hain zuzen, publikoki egiten dute”. Tricoteuses esatea, beste edozein birao baino okerragoa bihurtu zen XVIII. mende buelta horretan.

Amerikako Estatu Batuak sortzea ahalbidetu zuen Independentzia Gerran ere (1775–1783), jostea jarduera politiko bihurtu zela esan daiteke. Ezagun ditugu “Daughters of Liverty” izeneko emakume taldeak, besteak beste, britainiarren produktuei boikota egiteko sortutakoak. Oihal britainiarrak erosteari utzi eta eskuz egindako jantziak egiten hasi ziren. Spinning bees edo ehuntzeko bilerak, aberriaren aldeko jardueratzat hartu ziren. Euren ekintzek hainbat aldaketa eragin zituzten estatubatuarren bizimoduan, hala nola, ingelesen bereizgarri zen tea edateari utzi eta kafearen kontsumoa sustatu zuten. Massachusettseko “askatasunaren alaba” batek, Alice Brown deitutakoak, honakoa idatzi zuen: “Nahiago dut gutako bakoitza ardi ilez edo ahuntz ilez jantzita ibiltzea, hain modu ikaragarrian birao egin digun herri ingelesaren produktuak erostea baino”. Euren aldarriak eragina izan zuen jendartean.

 

 

AEBko “Daughters of liverty”-ak.

 

Denboran gertuxeago, Hego Amerika osoan zehar azken hamarkadatan izandako indarkeria politiko eta sistematikoari aurre egiteko balio izan dute hariek. Oskorri musika taldeak gurean ezagun egin zuen Violeta Parra artista txiletarrak, adibidez, urte luzez ehundu zituen arpilla izeneko tapizak. Herri sinboloak eta ikur garaikideak uztartuta, poroto, lenteja eta arroz alez josita bere herriaren injustiziak eta errealitateak kontatu zituen. Bere lanak Louvreraino iritsi ziren 1964an.

Hain ezagunak izan barik, arpillera txiletarrek, Pinochet diktadore faxistaren aroan bizi izandakoak marraztu zituzten oihaletan. Estatuaren indarkeria salatu eta izendatzeko erabili zituzten titare, hari eta orratzak. Bakarkako ariketa barik, ekintza kolektiboa izan ohi da arpilatzearena eta taldekatze horretan, bakoitzari jazotakoak hitzez adierazi eta artilez harilkatzerakoan, etxeko eta kaleko dinamikak eraldatzen zituztela esan daiteke. Txileko desagertutakoen arropa zatiak josiz, Santiagoko emakumeek erregimenak burututako krimenak salatu zituzten.

 

1. Violeta Parraren tapiza. 2. Pinocheten diktaduraren aurkako manifestazioa, arpillera batek irudikatua

 

Hego Amerika guztian zehar topa ditzakegu antzerakoak. Brasilen transnazionalek eraikitako presek sortutako indarkeriak azaleratu dituzte ehuleek. Kolonbian, herritarren kontrako sarraskiak salatzeko eta azken urteotan, bake prozesuaren baitako elementu garrantzitsu bihurtu dira emakumeek jositako oihalak. Elkartzean ahaldunduta, erresistentzia jarrerak hartu eta eremu intimoa politizatzeko gai izan dira. Gainera, egunerokoan tabu izandako gaiez mintzatzeko aukera eskaintzen diete horrelako espazioek emakumeei, hala nola, hilekoa, amatasuna, zahartzaroa edo emakumeen kontrako indarkeria. Gaian tesia argitaratu duen Mariana Garcia Rivero antropologoaren arabera “ehungintza modu kolektiboan egiten denean, sormena sustatzeaz gain, kideen arteko elkartasun sareak indartzen dira. Oihalak, bateratzeko gaitasuna dauka”. Historia osoan elkartu dira emakumeak josteko, bakardadean kudeatzeko zailak diren bizipen zail eta gogorrak elkarrekin osatzeko.

 

  

Oaxakako komunitateko emakumeak jatorrizko alkandorarekin. Bigarren argazkian, Isabel Marant diseinatzaileak plagiaturikoa.

 

Gaur egun ehungintzak erresistentzia eremu izaten jarraitzen du. Tradizioz jasotako jakinduriaren isla, herri artean elkar bereizteko ikur, ehunka urtean perfekzionatutako teknikaz egindako puntadak ikus daitezke munduko hamaika txokotan, balio sinboliko handiko oihalak. Merkatu kapitalistak negozio ederra ikusi du honetan ordea. Apropiazio kulturala deritzo dominatzailea ez den eta norberarena ez den kultura bateko elementuak hartu eta erabiltzen direnean, mozkinak ateratzea beste helbururik ez dagoenean.

Santa Maria Tlahuitoltepecen, Oaxakako Mixe mendikatean dagoen komunitate indigena bateko emakumeei horixe gertatu zaie adibidez azkenaldian. Isabel Marant izeneko diseinatzaile frantsesak, komunitate honetan ehunka urtez ehundu duten oihal motaren irudiak kopiatu eta alkandora batean plagiatu ditu. Mexikarrek 300 – 370 pesotan saldutako oihalak 5.000 pesotara ekarri ditu Marantek, jatorrizko oihalari eta artisauei inongo aipamen edo etekinik aitortu gabe.[1] Eta hau bezala, beste hamaika ere badira. Eta beste hamaika, horrelakoen aurrean antolatzen hasi direnak, asko baitira emakume brodatzaile edo ehuleen interesak defendatzeko sortzen hasi diren kooperatibak adibidez. Auto-antolaketa eta eraketatik abiatuta, euren lanari balio sinboliko eta materiala aitortzeko lanean ari dira kontinente osoko milaka emakume.

 

 

Iraultza eskuz ehundua izango dela dioen kartela.

 

Historian transgresiorako, erresistentziarako eta nortasuna sortzeko josi izan dute emakumeek. Modu kolektiboan, publiko zein pribatuan, baina komunitatea garatzeko bide bezala; eraldatu eta iraultzeko. Brodatuaren hizkuntzek, oihalean sartzen diren orratzen eta berau zeharkatzen duten harien soinua dute. Gaur egungo ehuleok bestelakoak josteko hautua egin dugu beharbada, istorioak, kontuak eta bitxikeriak lotzekoa. Bestelako eremu eta jardueren inguruan batzen eta elkartzen hasi gara. Eta badakizue zer den onena? Ehuntzen gertatu ohi den bezala, haria galduz gero luzeago bat hartu, orratz begian sartu eta josten jarraitzea besterik ez dagoela denak zentzua berreskuratu dezan. Iraultza, nolabait izatekotan, eskuz ehundua ere izango baita, azken puntadara arte.

 

 

 

 


1. Cuando lo “étnico” se pone de moda http://www.proyecto-kahlo.com/2016/01/cuando-la-cultura-dominante-se-apropia/ 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07