blogak

Titarea eta orratza

Errusiako Iraultza Emakumeen Nazioarteko Egunean hasi zeneko hura

 

 

Petrogradoko kaleetako denda eta biltokietan ogia erosteko ilara bukaezinetan bat egiten zuten egunero milaka emakumek; goseak eta gerrak sortutako ezinegona nagusitzen ari zen. Zerbait handia zetorrela susmatu zitekeen 1917ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperatan, baina inork ez zion garrantziarik eman. Errusiako Iraultzaren eztandaren zuzia piztu zuten emakume haiek.

 

 

 

Emakumeen Nazioarteko Eguna  

Clara Zetkin ekintzaile alemaniarrak zazpi urte lehenago Kopenhagen ospatu zen Emakume Sozialisten Nazioarteko Bigarren Konferentzian, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko mozioa aurkeztu zuen. Emakumeen boto eskubidearen aldeko borroka bultzatzeko neurriak hartu, emakumeen sufragioari izaera internazionalista aitortu eta ikuspegi sozialista batetik eztabaidatzearen beharra azpimarratzen zuen. Arazo hauen inguruko interesa pizteko, manifestazioak eta ekintzak antolatzea proposatu zuen. Bere idatzi eta hitzaldietan, sozialismoa berez feminista dela aldarrikatuko du, berdintasuna lortzeko ezinbesteko tresna.

 

 

Clara Zetkin eta Kopenhageko Emakume Sozialisten Bigarren Nazioarteko Konferentziaren behin behineko egitaraua (1910). Emakume sozialistak saretzeko neurriak, emakumeen bozka eskubidearen aldeko lan praktikoa eta amatasuna zein haurren zaintza soziala aipatzen dira bertan.

 

Errusiako kasuan, Alderdi Langile Sozialdemokratak 1913an ospatu zuen eguna lehen aldiz eta Errusian ezarritako egutegi julianoaren araberako otsailaren 23a aukeratu zuten horretarako, egutegi gregoriarrean, martxoaren 8a. Aurreko urteetan bezala, Emakumeen Nazioarteko Eguna asanblada, hitzaldi eta manifestuek ardaztuko zutela pentsatzen zuten denek, baina 1917ko hura ez zen aurrekoak bezalakoa izan.

Lehen Mundu Gerraren ondorioz gosea eta prekarietatea ziren nagusi Petrogradoko (egun, San Petersburgo) kaleetan. Gizonezkoak frontera joatera behartuta, emakume langileen kopurua biderkatu egin zen, lan baldintzak okertu ziren eta inflazioaren eraginez elikagaien garestitze izugarria eman zen. Ehun-lantegietako emakume langileak izan ziren egoera jasanezin honen aurrean antolatzen hasi ziren lehenak; Emakumeen Nazioarteko Eguna aukeratu zuten lehen greba deialdia egiteko.

 

Ogia eta bakea

Erakunde bat berak ere ez zuen greba deialdiarekin bat egin. Leon Troskik idatzitako Errusiako Iraultzaren Historia (1932) liburuan, talde boltxebike borrokalariena ere, Viborgeko langile auzoko komitea, greba ez egitearen alde agertu zela aipatzen da. Ez omen zen horretarako momentu egokia. Hurrengo egunean ordea, Komitearen erabakia desobedituta, hainbat ehun-lantegitako milaka emakume grebara irten eta lantegiz-lantegi, beharginak mobilizazioetan parte hatzera gonbidatzera atera ziren.

Ogia, bakea eta Zar-aren kanporatzea exijitzen zituzten. Duma (1905ko nekazarien protesten ondorioz ezarri zen parlamentu zarista) zaintzen ari ziren kosakoei, indar armatu errepresiboenak bezala ezagun ziren horiei, aurrez-aurre begiratuta esaten zieten: “Gure senarrak, aitak eta nebak frontean ditugu. Eta guk, gosea besterik ez dugu, lan karga itzelak, erasoak, gutxiespenak eta gehiegikeriak. Zuek ere badituzue amak, emazteak, arrebak eta alabak. Ogia eta gerraren amaiera eskatzen dugu”.

Lehen eguna lasai joan zen eta agintariek ez zioten protestari berebiziko garrantziarik eman. Baina hurrengo goizean, metalurgiako enpresa erraldoietako beharginak grebara batu ziren eta hauekin batera, beste hainbat eta hainbat auzo eta lantegietako komiteak. Inork ezin izango zuen imajinatu Emakumeen Nazioarteko egun hura, Errusiako Iraultzaren lehen eguna izango zenik. Ez eta, gainerako herrialdeetako komite sozialistek Emakumeen Nazioarteko Eguna behin-betiko finkatzeko mugarria izango zenik ere.

 

Emakumeen bozka eskubidearen aldeko manifestazioa Petrogradon

 

Ondorengo egunetan gertaerak bata bestearen atzetik lotu ziren. Masa iraultzaileak bost egunez kaleak hartu zituen eta ofizial zaristen desarmatzea, erakunde publikoen okupazioa zein preso politikoen askapena lortu zuten, besteak beste. Zarra abdikatzera behartu eta erregimen zaharra, behin-behineko  gobernu batek ordezkatu zuen. Gora behera handiko hilabeteak izan ziren haiek eta 1917ko urrian gobernu hau kendu eta boltxebikeek (Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokratako fakzioa, Leninek gidatutakoa) hartu zuten boterea.

 

Aurrekaririk gabeko eskubideen jabe

Iraultzak segituan bereganatu zuen eraldaketa sozial eta politiko handiek emakumeen emantzipazioari lotuta joan beharko zutenaren ideia. Urte luzez emakumeen eskubideen alde aritutako kamarada ugari sartu ziren gobernu berriko komiteetan, besteak beste:

 

 

Hauen lanak eta egunetik egunera antolatzen ari ziren milaka emakume langileren ekarpenak eragin nabarmena izan zuten 1918ko Kode Zibilaren idazketan. Gaur egungo ikuspegitik, sinestezinak dirudite lortu zituzten hainbat eskubidek. Abortu eskubidea, doakoa eta librea; dibortzioarena, kideetako bakarrak nahiez gero bideratuko zena; ezkondu eta ez-ezkonduen eskubideak parekatzeko neurriak; aitaren derrigorrezko abizena jartzearen debekua; haurtzaindegi eta zaintza zerbitzu komunitarioen sorrera; maitasun eta batasun librearen aldeko aukeren eztabaida; homosexualitatea eta genero identitateen gaineko hausnarketa aurrerakoiak; eta batez ere, emakumeen ahalduntze eta emantzipazioa sustatzeko sare eta taldeen antolaketa, atez-ate, auzoz-auzo, lantegiz-lantegi eta herriz-herri egin zena.

Cinzya Arruzak “Las sin parte: matrimonios y divorcios entre feminismo y marxismo” (2015) liburuan dio, gerra zibilak eta egitura ekonomikoen itotzeak sortutako zailtasunak, erresistentzia kontserbadoreak eta bestelako oztopoak handiak izan ziren arren, ez dela emakumeek garai eta leku hartan lortu zuten askatasun eta duintasun maila ahalbidetu duen gertaera historiko antzerakorik eman historian. Eskubide osoko subjetuak, bizitza publiko eta sozialean parte hartzeko aukera guztien jabe, bestelako ordena sozial eta politiko bat eraikitzeko aukera izan zuten emakume errusiarrek. Boltxebikeen ekintzen kontraesanak ukatu gabe, Errusia Iraultzailean, hogeigarren hamarkadaren amaiera arteko garaian behinik behin, aurrekaririk gabeko askatasun aukerak lortu zituzten. Emakumeen emantzipazio eta auto-antolaketa eta langile mugimenduaren arteko loturak inoiz baino agerikoago egin eta horrela artikulatzearen aldeko apustua egin zen. Laster etorriko zen ordea estalinismoa eta berarekin, dagoeneko burokratizatutako Hirugarren Internazionaleko alderdi komunisten politika, zeinak lotura hauek guztiz suntsituko zituen.

 

Liburuen paradoxa

Zenbat aldiz erabili izan ote den irudi hau martxoaren 8ko mobilizazioetara deitzeko… ezta? Lilya Brik idazle errusiarraren aurpegia propaganda kartel sobietar honi esker zaigu ezaguna. Leningradoko (iraultza ostean Petrogradok hartu zuen izena) inprenta estatalerako sortua, zirilikoz idatzita jakintzaren arrama guztietako liburuak hitzak oihukatzen ageri da zuri-beltzean ateratako argazkian, Aleksandr Ródchenkok 1924ak diseinatutako kartel konstruktibista honetan.

 

Iraultzaren osteko lehen urteetan herritarren alfabetatzea sustatu nahi izan zuten agintariek eta hasierako  neurrietako bat, literatura unibertsala errusierara itzuli eta poltsikorako formatuan argitaratzea izan zen. Maksim Gorki idazlearen gidaritzapean munduko “maisulan” guztiak itzultzeko enpresa jarri zen martxan.  Urteetako negurik gogor eta gorrienei aurre egin behar izan zieten ordea herritarrek iraultzaren hasierako urte haietan. Kontatzen denez, liburu horietako askok eta askok etxeak berotzeko sutan erreta bukatu zuten. Testuinguru, kontraesan eta paradoxa horien artean gorpuztu zen Errusiako Iraultza.

 

Jardunaldiak Oñatin

Hauetaz eta bestelakoez arituko gara datorren azaroaren 5etik 19ra Oñatin Errusiako Iraultzaren mendeurrenaren harira antolatu diren jardunaldietan. Hemen ARGIAn argitaratutako berria, film labur umoretsua (ez galdu!!) eta egitaraua.

Eta hemen, Ahoz Aho saioan gai honen inguruan egindako sinadura (53.40 minututik aurrera).

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07