blogak

Taupadak

Zigorrean oinarrituko ez den justizia baten alde

Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen beren burua ez identifikatzeagatik. (Argazkia: L. Arbelaitz)

Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen beren burua ez identifikatzeagatik. (Argazkia: L. Arbelaitz)

Joan den asteazkenean ezohiko epaiketa bat izan da Donostian, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Akusatuen aulkian bi ertzain, legez kanpoko bi atxiloketa egin izana egotzita. Akusatzaileak berriz, orain hiru udaberri Donostiako Gipuzkoa plazan erraustegiaren aurka abiatutako kanpaldian parte hartu zuten bi kide. 2016ko ekainaren 2an atxilotu zituzten, euren burua ez identifikatzeagatik. Bi agenteen gainean Damoklesen ezpata: bost urteko espetxe zigorra eta seiko inhabilitazio eskaera.

Kontraesana agerikoa da: bestelako mundu baten alde egiteko prest zeuden herritarrek beste bi pertsona bidaliko al dituzte espetxera? Egoerarekin ez daude eroso ertzainak noski, ezta akusatzaileak ere. Baina nola lortu barkamen eskaera bat, erreparazioa, erasotzaileak lanketa egitea edo komunitatearentzat positiboan planteatutako zerbait?

Bost orduko epaiketan alde bakoitzak bere jarrera defendatu du –atxiloketak legez kanpokoak izan zirela gazteek; legezkoak izan zirela ertzainek–. Sorpresa amaieran heldu da, gazteen abokatuaren azken hitzartzean. “Espetxea gertutik ezagutzen dugu eta ez dugu uste inor espetxera joanda ezer konponduko dugunik”, bota du. Bi ertzainetako baten aurka karguak erretiratu dituzte, deklarazioan adierazi duelako atxiloketen erabakia ez zuela berak hartu. Bigarrenari, gutxieneko zigor eskaera egin diote, eta epaimahaiari eskatu, zigorra bertan behera uzteko “komunitatearentzat onuragarriak diren ondorengo hiru gauzak egiten baditu”: kanpaldiak iraun bitartean Gipuzkoa Zutikek sareratutako bideoak ikustea “ikas dezan mugimendu horizontalak posible direla”, Pedro Bañosen El Dominio Mundial liburua irakurtzea “poliziaren eta indar militarren rolaz hausnartzeko”, eta Lurralde Askeak ateratako Ongi bizitzeko 100 konpromiso liburua irakurtzea “bestelako gizarte bat eraikitzen laguntzeko”.

Akusazioak irakurtzeko proposatutako bi liburuak. (Iñaki Agirre / Irutxuloko Hitza)

Akusazioak irakurtzeko proposatutako bi liburuak. (Iñaki Agirre / Irutxuloko Hitza)

Erdaraz justice réparatrice edo justicia reparativa deitua, funtsean, apurtutako legearen irakurketa zurrunean eta horrek dakartzan zigorretan baino, biktimaren beharretan jartzen ditu indarrak justizia konpontzaileak.

Epaiketarekin amaitzeko, fiskalak eta ertzainen abokatuak hauen absoluzioa eskatu dute. Are gehiago, azken hau haserre mintzatu da akusazioaren planteamenduarekin. Errugabeak direla adierazi du eta beste aldea bi agenteak epaitegira eramate hutsarekin pozik dagoela iruditzen zaiola.

Epaitegien izaera eta hauetatik mundua aldatzen saiatzea konplexua da.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07