blogak

Taupadak

Zenbat diru publiko jasotzen dute status quoaren berme diren hedabideek?

20.000 euro inguru ordaindu zizkion Aldundiak DVri erraustegiaren propagandako gehigarria kaleratzeagatik lanak hasi berritan.

20.000 euro inguru ordaindu zizkion Aldundiak DVri erraustegiaren propagandako gehigarria kaleratzeagatik lanak hasi berritan.

Info7 irratian Jon Mikel Fernandezek gidatzen duen ‘Gakoak’ saiorako egindako kolaborazioa:

Hedabideen panoramaz hitz egingo dut gaur. Ez hedabide askoren sinesgarritasun krisiaz, ezta nola doan gainbehera hedabide batzuek izan duten nagusitasuna ere.  Gaurkoan hedabide jakin batzuek publizitate instituzionalaren bidez milioika euro jasotzen dituztela aipatu nahi nuke. Horrek eragiten dizkidan galdera batzuk zuekin partekatuz.

Erreportajea argitaratu berri dugu gai honi buruz ARGIAn Axier Lopez eta biok, beste lankide batzuek lagunduta. Gipuzkoako Aldundiak publizitate eta babesletza instituzionalak nola banatzen dituen aztertu dugu, Gipuzkoa Irekian hainbat dokumentutan eskuragarri jarri dituzten kontzeptuak eta diruak kontatuz.

Guri halako zenbakiak atera zaizkigu:

  • Diru gehien El Diario Vascori eman zioten iaz: ia 400.000 euro.
  • Bigarren EiTB irrati telebista publikoari: 178.000 euro.
  • Hirugarren Noticias de Gipuzkoa egunkariari: 166.000 euro.
  • Gipuzkoako Aldundiaren banaketan laugarren postuan Ser irrati katea egon zen iaz eta 96.000 euro jaso zituen.
  • Bosgarren Noticias taldeko Onda Vasca irratia: 61.000 eurorekin.

Ez dut entzulea aspertu nahi kopuruak ematen. Ondoren datoz Teledonosti, Onda Cero… horrela pixkana jaisten doa euskarazko egunkari bakarra den Berria-ra heltzeko. Zortzigarren postuan dago Berria: 45.000 euro, gero NaizGara-ri 38.000. ARGIA 19.a izan zen banaketan, pastelaren %0,2rekin. 4.200 euro. Konparatu ARGIAren 4.200 euroak Diario Vascoren 400.000rekin.

Erreportajea eskuragarri dauka entzuleak, bertan kopuru hauen analisia eta banaketa irizpideei eutsi diegu. Publizitatea banatzeko irizpideak Foru Arau batek ezartzen ditu, eta Gipuzkoako Aldundiak foru arau hau ez duela betetzen azaldu dugu.

Halere, gaurko zutabean beste ideia honi eutsi nahi nioke:

Zenbat diru publiko jasotzen dute status quoaren berme diren hedabideek Euskal Herrian?

El Diario Vasco hartuz adibide gisa, Eusko Jaurlaritzak 80.000 euro eman zizkion iaz euskara interneten sustatzeko, horri gehitu Gipuzkoako Aldundiak publizitatean emandako 400.000 euroak. Ez dauzkagu eskura Donostiako Udalak, adibidez, zenbat publizitate jartzen duen, baina milaka euro jartzen ditu. Zenbat publizitate jartzen dute egunkari horretan Irun, Eibar eta Gipuzkoako udal bakoitzak? Eta horri gehitu behar zaio, Eusko Jaurlaritzak banatzen duen publizitate instituzionala. Kopuru denetan handiena Gasteiztik banatzen da. Ez daukagu kopuru zehatzik, baina kontutan hartuta 5,5 milioi euro banatu zituztela orain urte batzuk guztira, irudika dezakegu El Correok eta El Diario Vascok ehunka milaka euro jasotzen dituztela Lakuatik ere. Gehitu horri El Diario Vascora doazen Espainiako Gobernuaren publizitate instituzionalak.

Eta horri gehitu behar zaio diru publikoz funtzionatzen duten erakunde publiko-pribatuek irizpide erabat opakoekin banatzen duten publizitate instituzionala: Adibidez, zenbat diru bideratzen da hedabideetara Euskotren kudeatzen duen ETS enpresatik, bat aipatzearren?

Nik, estipulazio bat eginda guztira zenbat jasotzen duen zenbaki bat bota behar banu, diru publikotik Diario Vascora gutxienez milioi batetik gora doala botako nuke. Milioi bat eurotik gora, urtero.

Orain egin kalkulu berak Noticias de Gipuzkoarekin, edo El Correo Españolekin Bizkaia eta Araban, edo Sud Ouest-ekin Lapurdi Behe Nafarroa eta Zuberoan.
Eta hala ere, urtero izugarrizko dirutza publikoak jaso arren, zenbaki gorritan daude egunkari asko eta asko.

Eta nola da posible zenbaki gorritan dauden egunkari batzuk egunero kalean egotea? Nor dago atzean?

Labur eta zabar esateko, zorpetuta zeuden hedabide asko, gauetik goizera, nagusiki bankuen jabetza izatera pasa ziren mundu osoan. 2008ko krisiaren testuinguruan.

Espainiako Estatuan, talde mediatiko nagusien jabe da banka; eta Hego Euskal Herrian ere bai. Gurean salduenak diren El Correo Español edo El Diario Vascoren akziodun nagusietako bat BBVA bankua da. El País egunkaria Banco Santanderrena da. La Razón Sabadell bankuarena. Eta irrati eta telebista nagusiak ere ez dira libratzen.

Hain jabe dirudunek inbertsio latzak egiten dituzte beren hedabideek kalean jarrai dezaten beren mundu ikuskera eta agenda zabaltzen. Ondorengo titularra irakur daiteke Economía Digital gunean: “Vocento se desangra: la prensa regional se une al hundimiento de ABC. Bertan azaltzen dute eskuin muturreko ABC egunkariak iaz urte erdian ia 4 milioi euro galdu zituela, eta prentsa erregionalak, El Diario Vasco eta El Correo aipatzen dituzte, hauek ere dirua galtzen ari direla diote.

Agian horrek pistaren bat eman dezake ulertzeko, zergatik Gipuzkoako Aldundiak eman dizkion publizitate eta babesletza instituzionaletan 400.000 euro El Diario Vascori, aurreko urtean baino 100.000 euro gehiago nahiz eta salmentak behera joan.

Eta zein da ondorioa? Euskarazko hedabideoi askotan “subentzionatu” etiketa jartzen digutela gainean, baina argazkia zabalduz, botere politiko eta ekonomikoak, hedabide zehatz batzuk diru publiko eta pribatuz hiper puztuta dauzkala ikusiko dugu. Horregatik dituzte batzuek besteok ez ditugun baliabideak, banaketa okindegiz okindegi egiteko edo Donostiako autobusetako pantailetan beren edukia sartzeko, adibidez.

Azkenik, ariketa mental bat: irudikatu milioika euro mugitzen dituen publizitate instituzionalaren banaketa justuago batek nola eragingo lukeen hedabideen panoraman. Ehunka milaka euro jasotzen dituzten horiei pixka bat kendu eta besteei emateak nola ahulduko lituzkeen lehenak eta bigarrenak indartu. Horrek informazio askatasunean eragin zuzena du eta gaur egun medio batzuk kontsumituenak izateak, ez du nahita nahiez esan nahi hori horrela izango litzatekeela joko zelai ekitatiboago batean ari bagina.

Ziurrenik hor dago kontu guzti honen koxka garrantzitsu bat.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07