blogak

Taupadak

Zeinen eskulturak dauzkagu kaleetan?

Antonio Lopezen eskulturari egindako pintadetako bat.

Antonio Lopezen eskulturari egindako pintadetako bat.

Info7 irratian Jon Mikel Fernandezek gidatzen duen ‘Gakoak’ saiorako egindako kolaborazioa:

 

Orain gutxi Bartzelonan estatua bat kendu dute. Antonio Lopez izeneko gizon baten omenez jarria zen. Ameriketatik aberastuta etorri eta hiriko ekonomiari bultzada handia eman omen zion. Kontua da, eragile ugarik diotela, arrazista galanta izateaz gain, esklabu salerosketan ibili zela.

Herri mugimenduen kanpaina polit baten ostean, Udalak kendu egin du, auzoan antolatutako festa koloretsu batek inguratuta eta munduko herriekin justizia eginez.

Albiste hau entzun berritan, nire inguruko estatua eta omenaldiak datozkit burura galdera nagusi batekin: Zeinen estatuak dauzkagu gure kaleetan?

Ni donostiarra izanik, Donostiako Udalaren turismo sailak egindako katalogo batera jo dut erantzun bila.

Urgull mendiko Jesukristo.

Urgull mendiko Jesukristo.

Urgull mendiko Jesukristo erraldoia nabarmentzen da denen gainetik, kapera eta guzti ia 30 metroko bitxoa. Pedro Muguruza arkitektoak egin zuen, frankisten el Valle de los Caidos egin zuen berberak. 1950. urtean jarri zuten.

Nahiz eta herritarren parte batentzat balore espirituala izan dezakeen, argi utzi behar da frankismo betean jarri zutela, garai hartako erregimen politikoari eta pentsamentu erlijioso ofizialari erantzunez.

Imajinatu frankismoaren aurkako guda borrokatu eta galdu zuten donostiarrak nola sentitu behar ziren hiriaren alde guztietatik ikusten zutenean, lurraldea markatzeko era sinbolikoan hor goian jarria. Jakin nahi nuke zenbat milaka lagun gauden hori hortik kentzearen alde.

Ondarretako Maria Cristinaren estatua pinturaz beterik, protesta gisa.

Ondarretako Maria Cristinaren estatua pinturaz beterik, protesta gisa.

Halere, badira gehiago. Ondarretako lorategietan Maria Cristina Espainiako erreginaren estatua jarri zuten frankismoan, 1942an. Baita Amarako parkean ere… nahiz eta, egiari zor, estatua honek gora behera handiak izan dituen, maiz hautsi izan baitiote burua eta ibaira bota mespretxu gisa.

Eta estatua askoz gehiago dauden arren, katalogo horretan aipatzen diren “Gipuzkoar unibertsalek” zer pentsatua ematen dute. Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan gela bat beren omenez izateaz gain, harriz eginak dituzte beren aurpegiak Aldundiaren eraikineko fatxadan. Eta nor dira izen absolutu hori hartu duten “Gipuzkoar unibertsalak”? Bost gizon hauek dira: Juan Sebastian Elkano, Miguel de Legazpi, Andres Urdaneta, Blas de Lezo eta Antonio Okendo.

Historia beti da gai arantzatsua, eta are gehiago ez bada ariketa kritiko kolektiborik egiten. Izan ere, ba al dakizkigu egia absolutuez gain, pertsona hauek munduko herrietan egin zituztenak? Jakiteko prest gaude?

Gipuzkoar unibertsalak Aldundiaren fatxadan.

Gipuzkoar unibertsalak Aldundiaren fatxadan.

Juan Sebastian Elkanok munduari buelta eman zion, ados, baina lehendik Argelen egindako espedizio militarretan parte hartu zuen Francisco Jiménez de Cisneros inkisidorearekin batera eta kalkulatzen da han 20.000 lagun hil zituztela. Gero, Magallanesekin bidaia abiatzean, bateko eta besteko emakumeak esklabu sexual gisa bahitu eta bortxatzen zituzten garaiko dokumentuetan interpreta daitekeenez. Magallanesek, adibidez, iristen ziren portuetan esklabuen artetik bi emakume hautatzean lehentasuna zuen. Imajinatu zertarako. Magallanes hil zenean, Elkano eta beste itsasgizonek egin zituztenak xehe ikertzeak mahai gainean jarriko luke erasotzaile matxista bat izan dezakegula gure historiako pertsona ohoratu eta eztabaidaezinen lehen postuan. Ea zer egiten dugun 2019an 500 urte betetzen direnean beren espedizioa abiatu zela, edo 2022an amaiera oroitzeko.

Gipuzkoako Aldundiaren fatxadan bigarrena Miguel de Legazpi da, Filipinak Espainiako Erregeari oparitu omen zizkion militarra.

Hirugarrena, Andres Urdaneta kosmografoa, apaiza eta itsasgizona.

Laugarrena Blas de Lezo da, Wikipedian irakur dezakegunez, “militarra eta Espainiako Itsas Armadak inoiz izan duen estratega eta buruzagi handienetakoa”.

Eta bosgarrena, Antonio Okendo Espainiako Errege Armadako almirante generala.

Gipuzkoar unibertsalak dira bost gizon, gehienak militarrak, Espainiako inperioaren alde egindako lana sarituz izendapen hori jaso zuten pertsonak. Esklabismoaren urrezko aroan munduan barrena ibilitako pertsonak. Egitan, 2018. urtean ez gaude gure iragana era kritiko batean berrirakurtzeko prest?

Bartzelonan, hasieran aipatu dugun Antonio Lopezen plazari izena aldatu eta Idrissa Dialio izena jartzeko kanpaina egiten ari dira. Idrissa, Bartzelonako atzerritarrentzako egindako espetxe batean 2012an hil zen emakume ginearra zen.

Agian guk ere estatua bat egin behar genieke Elkano eta enparauek hil zituztenei. Barkamena eskatzen hasteko modu zintzoa izan liteke.

Eta azkenik, galdera bat, normala da emakume gipuzkoarrik ez egotea top bost horretan? Bat, eta kontsentsu zabalekoa izan daitekeena proposatzearren, klandestinitatean ikastolen sortzaile izandako Elvira Zipitriak hor egotea merezi lukeela iruditzen zait.

Antonio Lopezen estatua kendu zuten unea.

Antonio Lopezen estatua kendu zuten unea.

The post Zeinen eskulturak dauzkagu kaleetan? appeared first on Lander Arbelaitz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07