Jeff Bezosek, bere inbertsioekin bakarrik, segunduro 2.500 dolar baino gehiago irabazten ditu.
Pandemiarekin batzuk gogotik aberasten ari dira. Munduko pertsonarik aberatsenek 10,2 bilioi dolarreko fortuna pilatu dute azken sei hilabeteetan. Eta aberastasuna ez denez ezerezetik sortzen, esan beharra dago geroz eta bizitza prekarioagoak dituzten langileen bizkar irabazitakoa dela dirutza hori. Eta joera azeleratzen doa. Azken zaplaztekoa Oxfamek eman du: 2020 amaierarako, COVID-19ak eragindako gosea 12.000 pertsona hiltzera irits daiteke egunean, gaixotasunak berak baino gehiago.
2020ko hamarkada mugitua izatea ez da sorpresa izango. Austeritate eta politika neoliberalen aroari nola erantzungo diote gizarteek? Zer karta jokatuko dute agintariek? Agintekeria autoritarioak berriro ere erakundeen deslegitimazioa ekarriko al du, eta beraz, erakunde publikoen krisi politikorik aurreikusi behar da? Jakingo al du ezkerrak haserrea bideratzen? Azken mendean ez dira gutxi izan giro nahasietan abiatutako gerra zikina eta gudak ere, giro aurre-iraultaileak bideratzeko balio izan zutenak.
Prekarietatea, kontratu-etenak, kaleratzeak, enpresa itxierak… Halako hizketagaiak geroz eta ohikoago bilakatzen ari dira elkarrizketetan. Azkena, Jaurlaritzak hoztasun osoz eta inolako babesik adierazi gabe itxi du ostalaritza, ziurgabetasunean murgilaraziz milaka profesional. Noraino utziko ote dute jendea erortzen?
Bitartean, Gararen informazio bati esker jakin dugu Urkulluren gobernua sekretuan Europako Banku Zentralari (EBZ) 10.228 milioi euroko mailegua eskatzeko negoziazioetan ibili dela, batez ere AHT, Iberdrola edo Petronor laguntzeko, trantsizio ekologikoaren izenean. Zenbat PCR proba eros litezke diru horrekin? Edo zenbat arakatzaile kontratatu? Edo nola indar litezke ospitaleak, eskolak, garraio publikoa edo bulegoak dirutza horrekin? Berdin du, neoliberalismoaren ikurretako bat den EBZk diru-laguntzen baldintzetan aurretik finkatua zuen ezin zirela behar sozialetara bideratu. Dirua uzten duenak jartzen ditu baldintzak, eta gero, zorraren diktadura. Ez ahaztu inork ez duela dirurik doan ematen. Galdetu bestela zer moduzkoak diren herrialdeak desmantelatu dituzten Troikaren “beltzez jantziriko gizonak”. Galdetu Greziari edo Afrikan kolonialismoa lehen kolpean garaitu ostean, kanpo zorraren bidez loturik geratu diren herrialdeei.
“Mundu mailako pandemia batean, ezin dira onartu dirua irabazteko asmoak. Jarduera ekonomikoaren soberakin guztiak larrialdi sozial eta sanitarioari aurre egiteko bideratu behar dira. COVID-zerga enpresa eta aberats handiei berehala!”, bota du zorrotz ekonomia sozialaren sustatzaile Ivan Miró kataluniarrak.
Bitartean, milaka etxe huts dituen Donostian, Eneko Goia jeltzaleak pobrezian bizi ziren 100 bat pertsona aterperik gabe utzi ditu, Infernua deituriko auzoan, gehienak migratzaileak. Urkulluk etxeratze agindua ezarri eta egun gutxira. Baina lasai, etxegabeek kalean egoteko “baimena” izango dutela jakinarazi dute aurreko astean.
“Ez dira etxe-kaleratzeak, txiroen aurkako guda da”, egin dute oihu Bartzelonatik.
Infernua hustu zuten egunean kanpoan protesta. (Dani Blanco / Argia)
The post Txiroen aurkako guda appeared first on Lander Arbelaitz.