blogak

Taupadak

Sei urte espetxera manifestazio baten berri emateagatik?

Jorge Correa 'Boro' kazetaria.

Jorge Correa ‘Boro’ kazetaria.

“Espetxean sartzen banaute, lehenik eta behin, egin ez dudan zerbaitengatik izango da, nik ez baitut inor jo; eta bigarrenik, nire ideia politikoengatik litzateke, beraz, neure buruarekin harro joango nintzateke, poliziaren muntaien erruz kartzelan dauden beste asko bezala”.

Iruñean bizi den Jorge Correa kazetariaren hitzak dira, El Salto egunkarian egindako elkarrizketan esanak. Boro gisa ezagunago, 2014ko martxoaren 29tik garai zailak bizitzea egokitu zaio. Urriaren 3an epaituko dute, La Haine eta Kaosenlared.net hedabide digitalentzat manifestazio baten berri ematen ari zela atxilotu baitzuten. Bi poliziari eraso egin izana egozten diote. Berak erabat ukatzen du salaketa, bere inguruan zeuden kazetariek egiten duten gisan, eta hauek grabatutako bideoek hala erakusten dutenez.

Ahanzturan erorarazi dituzten arren, Espainiako Estatuan gauza asko zalantzan jarri zituen mobilizazio ziklo handia kaleak hartua zen garai hartan. Duintasunaren Martxek milioi bat lagun baino gehiago atera zituzten kalera Madrilen. Poliziaren kargen ostean lehertutako istiluek bide eman zieten hurrengo egunetan atxilotuak askatzeko eskatuz deitutako manifestazioei, ikasleen mobilizazioei, herri asanbladei eta plaza berreskuratzen saiatu zen kanpaldiari, besteak beste. Borroka astea borobiltzeko Monarkiari Jake lelopean manifestazioa deitua zen Madrilen bertan. Poliziak ez zien bertan bildutakoei ateratzen ere utzi, protestari eta kazetariak bultzaka hartuz. Manifestazioa bertan behera geratu arren, tentsio uneak bizi izan ziren.

Borok kontatzen duenez, agenteek bultzaka zeramaten talde bat ikusi eta argazkiak egitera hurbildu ziren bikotekidea eta bera. Kamera eskuetan ikusi zutenean, poliziak beren aurka egin zuen. Gertaeren berri ematen ari ziren beste kazetariei ere eraso egin zieten poliziek, lesioak eraginez, kamera bat hautsiz eta profesional bat konorterik gabe utziz.

Inongo polizia-aurrekaririk ez zuen pertsona hau, norbaiten begi puntuan egotera igaro zen, handik gutxira sare sozialetan bere iritziak emateagatik atxilotu baitzuten Armiarma Operazioan.

Bigarren epaiketa izango du hau. Bere aldeko manifestuak ongi dioen gisan, zentzudunena absoluzioa eta gau hartako polizia jardunaren ikerketa sakona eskatzea da. Adierazpen askatasuna eta kazetaritza kritikoa egiteko eskubidea daude jokoan beste behin. Boro libre.

The post Sei urte espetxera manifestazio baten berri emateagatik? appeared first on Lander Arbelaitz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07