blogak

Taupadak

Sanchez Dekretua, Espainiako “Patriot Act”

Oinarrizko eskubideen urraketan jauzi kualitatibo bat eman du berriki Espainiako Estatuak. Beste bat. Hauteskundeetarako bost egunen faltan, Legebiltzarretik pasa gabe, urgentziazko lege dekretu baten bidez, internet zentsuratzen saiatzeko erregimen autoritario baten eskumenak eman dizkio gobernuak bere buruari. Enric Borràs kazetariak proposatu bezala, Sanchez Dekretua izendatu behar genuke, bere lotsakizunerako.

“Ordena publikoa” kontzeptu abstraktua arriskuan ikusten dutenean, 14/2019 Lege Dekretuarekin “edozein azpiegitura teknologikoren edozein mailatan kudeaketa zuzena” egiteko eskumena izango du unean uneko Gobernuak. Testuaren anbiguotasuna ez da kasualitatea. Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta Criptica elkarteko kide Enric Lujànen azalpenak baliatuko ditugu hitz potolo hauek deszifratzeko.

Batetik, telefono konpainia nagusiak estatuaren kontrolpera pasako lirateke “ordena publikoa berrezarri” arte. Telekomunikazio enpresa guztiek, legez, bi urtez erabiltzaile bakoitzaren geoposizio datuak gordetzen dituzte, estaldura ematen duten antenen erregistroaren bidez. Datu hauek oso delikatuak direla ulertuta, orain arte epaitegi baten agindua behar zen eskuratzeko. “Kudeaketa zuzena” kontzeptuarekin, aurreratu dute estatuak kudeatuko dituela kontuok. Agur botere banaketari!

Bestetik, esku-hartzea “edozein-mailatan” egingo dutela esanez, Lujànen ustez, atea irekitzen ari dira konexioa jende guztiarentzat “itzali” edo webgune batzuk blokeatu baino, agintarien ustez ordena publikoa desegonkortzen ari direnen konexioa modu selektiboan eteteko. Erabiltzaile “susmagarri” zehatz batzuk identifikatu eta saretik deskonektatzeko aukera izango dute –izan protesta batean daudenak, egun jakin batean leku zehatz egon zirenak, greba orokor baten egunean sindikatuen buruzagitza edo nahi badute, lurralde oso bat–. Aukerak infinituak dira, denak beldurgarriak eta intimitaterako dugun oinarrizko eskubidearen aurkakoak.

AEBetako Patriot Act 2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean onartu zuten legeria libertizida izan zen, estatuari herritarrak zelatatzeko eskumena eman ziona George W. Bush askatasunzalearen eskutik. Oraindik indarrean da. Sanchez Dekretua Kataluniako protesten testuinguruan onartu badute ere –”ez da independentziarik izango, ez online ez offline”–, ez da ahaztu behar Espainiako Estatuko parte garen herritar guztien aurka erabiliko dutela behar izanez gero. Criptica elkarteak ondorengoa adierazi zuen: “Ezin dugu beste ondorio batera heldu, Patriot Act espainiarra onartu berri dute”. Falta zitzaiguna.

The post Sanchez Dekretua, Espainiako “Patriot Act” appeared first on Lander Arbelaitz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07