blogak

Taupadak

Prekarietatearen aurkako konga

Protesta Gogoko Goxuak kafetegian

Protesta Gogoko Goxuak kafetegian

Info7 irratian Jon Mikel Fernandezek gidatzen duen Gakoak’ saiorako egindako kolaborazioa.

Dantzatuz salatu dute Donostiako Gogoko Goxuak kafetegian bertako hainbat langileri ez zaiela ordaintzen. Dozena bat lagun sartu ziren maiatzaren 1aren bezperan kafetegian, bafle batetik “Ojalá que llueva café” doinua jarrita, konga dantzatzen, kafe aleak botaz eta bertan ordura arte lasai ederrean zeuden bezeroei eskuorriak banatuz. Bi minutu eta erdiko ekimena, eta kalera.

Ez da lehen aldia. Hiru lokal dituen kate honek hainbat langileri ez diela ordaintzen salatzen ari dira aspalditik. Sindikatu ezin daitezkeen pertsonak defendatzeko Autodefentsarako Langileen Babes Sarea antolatu dute, eta kanpaina hasi dutenetik, langile ohi ugarik jo du haiengana, beraiei ere ez zietela ordaindu salatzeko.

Kasu honetan, hauxe da jokaldia: Langilea kontratatzen dute, gehienetan gaztea eta neska, hainbat hilabetez lan egin arren ez diote dagokiona ordaintzen, eta egoera ikusita, langileak berak uzten du lana. Zer zentzu du lanera joaten jarraitzeak, ez badu ikusten ordainduko diotenik? Epaiketara joateko gogoa, dirua eta indarra badu, orduan, salaketa sartzean negoziatu dirua eta lixto. Sutetxoa itzalita. Hori egiten ez dutenek, ez dute kobratuko. Gordina da esatea, baina hori ari da gertatzen Babes Sarearen indarrarekin gertaera hauek salatzen ari direnek jakinarazi dutenez.

Krisitik ateratzen ari garela esaten diguten honetan, ez da analista ekonomiko izugarria izan behar ikusteko batzuk geroz eta aberatsago egiten ari diren bitartean, gehiengo zabalaren egunerokoa gero eta prekarizatuagoa edo zorpetuagoa dela.

Orain urtebete txosten gordina argitaratu zuen HerriUni-ko kide Nekane Jurado ekonomialariak. Krisiaren lehen urte gisa hartzen den 2008 urtea egungo egoerarekin konparatu zuen, Hego Euskal Herrian ere aberats eta txiroen arteko arrakala zabaltzen ari dela agerian utziz.

Ez da Hego Euskal Herriko berezko kontua, Europar Batasunean ere kapital metaketa biderkatu egin baitute herrialdez herrialde gutxi batzuek.

Oxfamek 2016 amaieran salatu zuenez, munduko 62 pertsona aberatsenek, 3.500 milioi lagun txiroenek adina aberastasun daukate pilatuta, eta munduaren erdia planetako aberastasunaren %2arekin bakarrik bizi da.   Eurostaten 2015 amaierako datuen arabera, pobrezian eta bazterkeria arriskuan daude Europar Batasuneko 122,3 milioi pertsona. Herritarren %24, lautik bat; hamar urte lehenago multzo honetan herritarren %15ean zegoenean. Espainiako Estatuan 2,8 milioi txiro berri daude krisia hasi zenetik. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan herritarren %19 eta Nafarroako %17 pobreziaren mugatik behera daudela jaso du Espainiako Pobreziaren Egoeraren 6. informeak: EAEn 423.002 pertsona eta Nafarroan 110.220. Guztira Hego Euskal Herrian bostetik bat pobrezia mugatik behera: 533.222 pertsona.

Berriro esango dut: Hego Euskal Herrian milioi erditik gora lagun porbrezian bizi dira. Mina ematen du hau esateak, eta ikusteak ez garela arazoaren dimentsioaz jabetzen.

Txiroa denak, prekarizatuta bizi denak, edozein lan eta edozein baldintza onartzeko beharra duela ikusia izango dute merkatu librearen apologia egiten duten neoliberalek, mundu hau pikutara eramaten ari diren horiexek.

Euskal Oasia deitu zioten EAJko agintariek Euskal Autonomia Erkidegoari. Txiste polita zerga iruzurra Eusko Jaurlaritzaren urteko aurrekontua adinakoa dela dakigunean urtez urte, eta inguruko herrialde guztietan bezala, oinarrizko eskubideak etengabe murrizten ari direla ikusten dugunean.

Ederki gaude Donostiakoa bezala, langileen autodefentsa taldeak sortzen amaitu behar badugu soldata kobratzeko ere. Azken urteetan halako taldeak sortu dira Iruñean, Iruñerrian, Hernanin, Bilbon eta Donostian, nik dakidala. Tresna praktikoak, langileen parte hartzea bultzatuz elkartasun sareak eraikitzen ari diren hauek.

Beste esparru guztietan bezala, eskerrak auto antolatutako jendea mugitzen ari den. Bestela… panorama beltza.

Info7 irratian Jon Mikel Fernandezek gidatzen duen ‘Gakoak’ saiorako egindako kolaborazioa.

The post Prekarietatearen aurkako konga appeared first on Lander Arbelaitz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07