blogak

Taupadak

Poliziaren gezurren zerbitzura dauden kazetariak, ogibidearen lotsakizun

 

Ostegunean jakin dugu, sumario-sekretua kendu dutenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak aitortu duela orain hilabete atxilotu zituzten Kataluniako CDRetako kideek ez zeukatela lehergairik etxean. Hala ere, terrorismoa egotzita espetxean daude behin behinean.

Euskal Herrian milaka aldiz egin izan duten bezala, nahiz eta orain esan ez zeukatela lehergairik, berandu izan daiteke, bigarren albiste honi ez baitiote oihartzunik eman Poliziaren gezurrak azaleko titular nagusietara eraman zituzten hedabide horiek. Ikus dezagun nola informatu zuten atxiloketen garaian Espainiako hedabide nagusiek:

El Correok gezurra esan zuen, lehergaiak zituztela titular nagusian jarri baitzuen, “erradikal” gisako adjektiboekin atxilotuak definitzeaz gain, atentatuak egitear zirela esan zuten. Albistearen gorputzean, diote lehergaiak egiteko material ugari topatu zutela guardia zibilek.

 

El Mundok ere gezurra esan zuen, titularrean esateaz gain “atentatu terrorista” bat prestatzen ari zirela, sarreran baitzioen Guardia Zibilak atxilotu zituen bederatzi independentistek lehergaiak zituztela.

 

El Paísek izenburuan dio epaileak terrorismoa egotzita atxilotu zituela kideak, hor ez dago gezurrik, baina sarreran bai, esanez, independentistek lehergaiak prestatzeko materiala ezkutatzen zutela.

 

El Periódicok titularrera CDR eta terrorismo hitzak eramateaz gain, sarreran ezbairik gabe baieztatu zuen Guardia Zibilak lehergaiak egiteko materiala aurkitu zuela. Gezurra.

 

El Confidencial hedabide digitalak ere, gezurra.

 

La Sexta telebista katea ere bide beretik. Jende askorentzat “ezkerreko erreferentzia” denak, gezurra.

 

El Mundoren beste artikulu bat, gezurretan.

 

 

Gerora, jakin dugu hori ez dela hala. Ez bilatu barkamen eskerik, zuzenketa oharrik, ez dituzte idatzi. Bederatzi gazte eta mugimendu oso bat, gezurrak asmatuz kriminalizatu ostean, Espainiako Auzitegi Nazionalak beren titularrak gezurtatu dituenean, ez du inork ezer aldatu. Hor geratuko dira sarean gezurra dioten titularrak.

Gero galdetuko dute zergatik dauden beren hedabideak krisian. Ez da kazetaritzaren krisia, sinestarazi nahi duten bezala, beren sinesgarritasun krisia da. Nahiz eta oraindik orain indar handia duten.

The post Poliziaren gezurren zerbitzura dauden kazetariak, ogibidearen lotsakizun appeared first on Lander Arbelaitz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07