blogak

Taupadak

Kurduen gose grebaz isiltasun itogarria

Maduroren aurka milaka pertsona gose greba mugagabean baleude, zenbat albistegitan kontatuko ligukete? Beren liderra uharte batean hogei urtez isolatuta dutela salatuko balute, zenbat tertulia edo erreportaje eskainiko lizkiokete? Zenbat politikarik, kazetarik, intelektualek, medikuk, artistak altxako lukete ahotsa baraualdian direnen bizitzaren alde? Protestan direnak hiltzen hasiko balira, zenbat erakundek onartuko lituzkete arduradun politikoen aurkako neurriak? Eta egoera salatzeko beren buruaz beste egingo balute hainbat presok? Eta gobernuak gorpu horiek bahitu eta beren senideak behartuko balitu hildakoak gauez ehorztera, omenaldiak ekidin asmoz? Zer esango lukete beren buruari demokrata deitzen dioten erakundeek? Europar Batasunetik hasi, Tortura Saihesteko Europako Batzordetik eta Amnesty Internationaletik pasa eta Eusko Jaurlaritzaraino –gogoratu Urkullu Guaidóren auto-aldarrikapenean– oso gogor mintzatuko lirateke. Zigor ekonomikoak ezarriko lizkiokete herrialdeari. Gertaera garrantzitsua litzateke, dudarik gabe, gose greba mugagabe masibo bat ez baita txantxetako gauza. Kontua da protestan ari direnak ez direla Velezuelako oposizioko kideak, kurduak baizik. Eta horrek dena aldatzen du, gertatzen ari denarekiko isiltasuna ia erabatekoa da, baita gurean ere.

Leyla Güven diputatua da gose greba honen sinbolo nagusia.

Leyla Güven diputatua da gose greba honen sinbolo nagusia.

Bost hilabete dira Leyla Güvenek protesta hasi zuela Öçalanen isolamendua amaitarazi asmoz, eta geroztik 7.000 dira gose greba mugagabean, kurduek eman dituzten datuen arabera. Errepika dezagun datua: 7.000 pertsona gose greba mugagabean daude. Gehienak preso politikoak dira, nahiz eta mundu osoan barreiatuta dauden diasporako kide askok ere bat egin baraualdiarekin. Hori laguntzen ari da, kostata, gatazka nazioarteko parametroetara ere eramaten. Dagoeneko, gutxienez zortzi dira protestan hildakoak. Guztiek egin dute beren buruaz beste “sakrifizio ekintzen” bidez. Güvenek berak, baita eragile kurdu nagusiek ere –PKK eta PJAK erakunde armatuak barne– sakrifizio ekintzarik ez burutzeko eskatu dute, borroka kolektibo bat dagoeneko abian dela argudiatuz. Güvenek 150 egun baino gehiago daramatza gose greban. Preso politikoek salatu dute baraualdia abiatu dutenetik, espetxeko funtzionarioen partetik muturreko bortizkeria pairatzen ari direla. Horrek beren herriaren historian arrastoa utzi zuen epika gogorarazten du: 1980an, Turkiaren zapalkuntza, tortura eta oinarrizko giza eskubideen urraketak salatu asmoz borrokaldia abiatu zuten PKK-ko presoek Amedeko espetxe krudelean. Kurduek izugarriak sufritu arren, munduak beste aldera begira jarraitzen zuenez, azkenean, 1982ko Newroz egunean, bere ziegari su eman eta bere burua urkatu zuen Mazlum Dogan PKK-ren sortzaileetako batek. Zenbat filmetan ikusiko genukeen hori bera sovietarren, venezuelarren edo nazien aurka egin izan balu. Bitartean gose greba mugagabearekin jarraitzen dute. Ikusiko dugu zer gertatzen den eta zer egiten duen bakoitzak, han eta hemen. Hamaika herri, borroka bakarra…

Newroz eguneko ospakizunetan, Mazlum Dogan-en argazkia presente.

Newroz eguneko ospakizunetan, Mazlum Dogan-en argazkia presente.

The post Kurduen gose grebaz isiltasun itogarria appeared first on Lander Arbelaitz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07