Maduroren aurka milaka pertsona gose greba mugagabean baleude, zenbat albistegitan kontatuko ligukete? Beren liderra uharte batean hogei urtez isolatuta dutela salatuko balute, zenbat tertulia edo erreportaje eskainiko lizkiokete? Zenbat politikarik, kazetarik, intelektualek, medikuk, artistak altxako lukete ahotsa baraualdian direnen bizitzaren alde? Protestan direnak hiltzen hasiko balira, zenbat erakundek onartuko lituzkete arduradun politikoen aurkako neurriak? Eta egoera salatzeko beren buruaz beste egingo balute hainbat presok? Eta gobernuak gorpu horiek bahitu eta beren senideak behartuko balitu hildakoak gauez ehorztera, omenaldiak ekidin asmoz? Zer esango lukete beren buruari demokrata deitzen dioten erakundeek? Europar Batasunetik hasi, Tortura Saihesteko Europako Batzordetik eta Amnesty Internationaletik pasa eta Eusko Jaurlaritzaraino –gogoratu Urkullu Guaidóren auto-aldarrikapenean– oso gogor mintzatuko lirateke. Zigor ekonomikoak ezarriko lizkiokete herrialdeari. Gertaera garrantzitsua litzateke, dudarik gabe, gose greba mugagabe masibo bat ez baita txantxetako gauza. Kontua da protestan ari direnak ez direla Velezuelako oposizioko kideak, kurduak baizik. Eta horrek dena aldatzen du, gertatzen ari denarekiko isiltasuna ia erabatekoa da, baita gurean ere. Hamaika herri, borroka bakarra…
Bost hilabete dira Leyla Güvenek protesta hasi zuela Öçalanen isolamendua amaitarazi asmoz, eta geroztik 7.000 dira gose greban, kurduek eman dituzten datuen arabera. Gehienak preso politikoak dira, nahiz eta mundu osoan barreiatuta dauden diasporako kide askok ere bat egin baraualdiarekin. Dagoeneko, gutxienez zortzi dira protestan hildakoak. Guztiek egin dute beren buruaz beste “sakrifizio ekintzen” bidez. Güvenek berak, baita eragile kurdu nagusiek ere –PKK eta PJAK erakunde armatuak barne– sakrifizio ekintzarik ez burutzeko eskatu dute, borroka kolektibo bat dagoeneko abian dela argudiatuz. Preso politikoek salatu dute baraualdia abiatu dutenetik, espetxeko funtzionarioen partetik muturreko bortizkeria pairatzen ari direla. Horrek beren herriaren historian arrastoa utzi zuen epika gogorarazten du: 1980an, Turkiaren zapalkuntza, tortura eta oinarrizko giza eskubideen urraketak salatu asmoz borrokaldia abiatu zuten PKK-ko presoek Amedeko espetxe krudelean. Azkenean, protesta gisa, 1982ko Newroz egunean, bere ziegari su eman eta bere burua urkatu zuen Mazlum Doganek. Zenbat filmetan ikusiko genukeen hori bera sovietarren, venezuelarren edo nazien aurka egin izan balu. Bitartean gose greba mugagabearekin jarraitzen dute. Ikusiko duguzer gertatzen den eta zer egiten duen bakoitzak, han eta hemen.