blogak

Taupadak

Jai herrikoi berrituen uda

Argazkia: Bilboko Konpartsak.

Argazkia: Bilboko Konpartsak.

Pandemiak gogor kolpatu gaitu eta ondorioz, domino fitxen antzera, herriz herri udalek jai ofizialak bertan behera utzi dituzte. Komunitate bat izango bada, ordea, ospakizun kolektiboa beharrezkoa da. Eta hor, jai herrikoien mugimenduak badu zeresanik, are gehiago, Hego Euskal Herriko hiriburuetako herri mugimenduek salatu ostean erakundeek ez dutela beren iritzia entzun ere egin erabakia unilateralki hartu aurretik. Egoera salagarriak sortuko dira, Donostiako Udalak, adibidez, auzoetako jaiak debekatu ditu dekretuz, baina Jazzaldia antolatuko du uztailerako, gauza bera auzoetako San Joan suekin. Pandemia baten kudeaketa erabat politikoa dela ez dezan inork ahaztu. Jaiak ospatzeko herritarren erabakia bezala.

Udalek jai ofizialak bertan behera utzita, dena den, jai herrikoien mugimenduek erreferentzialtasuna irabazteko aukera dute, beti ere, osasun neurriekin eta egitarauaren egokitasunarekin asmatuz gero. Talka egiteko prest egongo al dira? Batzuk bai: “Herri guztietako jai batzordeak animatzen ditugu jai herrikoien alde antola daitezen, osasun eta segurtasun neurri guztiekin, modu berritzailean eskaintza eginez”, zioten Herri San Ferminek eta Iruñeko Peñen Federazioak Gasteizko Txosnek eta Blusen eta Nesken Elkarteaka, Donostiako Piratek eta Bilboko Konpartsek.

Baloreetan oinarritutako Jai eredu berritua, txikira joz

2020ko jaiak ez dira orain artekoak bezala izango. Txikiagoak izan beharko dute leku askotan, kanpotik datozenentzat baino komunitatearentzat pentsatuak, austeroak, osasun neurriak zorrotz errespetatzeko antolatuak. Azken honek eragin dezake gaueko egitarauen aurrean eguneko ekimenek pisua irabaztea, parte hartzaileen adin tartea zabaltzea, egoera ez deskontrolatzeko multinazionalen negozio itzela den alkohol salmenta erdigunetik kentzea, jende pilaketak saihesteko espazio txikiak asmatzea… Parte-hartzea, euskaltzaletasuna, feminismoa eta ekologismoa gisako baloreei, aurten berariaz azpimarratu behar zaie jendearen segurtasuna.

Inertziak apurtu eta aurrera egiten jarraitzekoerabil daiteke urte arraro hau.

Jai herrikoien eredu hegemonikoak mahai-gaineratzen dituen kontraesanen artean, azpimarratzekoak dira urtero jaietan izaten diren erasoak. Iaz Donostiako Aste Nagusian izan ziren hamaika eraso matxistek agerian utzi zuten milaka lagun biltzen dituzten jaigune handietan emakumeen* segurtasuna askotan ez dela bermatzen. Zer zentzu du, beraz, halako jaiak antolatzeak? Lehen mailako arazoa da hau jaiaren bidez gizartearen eraldaketaren alde lan egiten duten mugimenduentzat, edozein erabakiren gainetik jartzeko modukoa. Ipintzen diren kartel eta apaingarrietatik harago, sortzen den giroa eta egiten den kultur eskaintza berpentsatzea beharrezkoa izango da, jai-guneen funtzio politizatzailea indartzeko.

Urteak dira jai herrikoien mugimendu askotan jai-ereduari buruzko gogoetak abian direla. Badira eredu ederrak, Gasteizko Zaharraz Harro edo EHZ festibala, bi aipatzearren. Erresistentziak gainditu eta aldaketaren urtea iritsi da, nork esango zuen, pandemia batek bultzatuta.

Eta instituzioei begira, osasun neurriak errespetatuko badituzte eta hau nola egingo duten zehatz azalduz gero, nork esango die herritarrei ezin dituztela beren jaiak ospatu?

Jaiak debekatu baina uztailerako hauteskundeak deitu dituzten agintariek?

The post Jai herrikoi berrituen uda appeared first on Lander Arbelaitz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07