blogak

Taupadak

Independentzia bultzatzea kapitala ahultzeko aukera

Independentzia, helburu gisa baino, gizarte justuago bat lortzeko tresnatzat du askok Katalunian eta Euskal Herrian. Herritarren bizitzan oinarrizkoak diren eremuetan burujabetza planteamenduak bultzatzea da gakoa: ekonomia, elikadura, energia, telekomunikazioak, informazioa… Independentziaren aldeko borroka oinarri horietan eraikiz, politika neoliberalekin bazterrean geratzen ari den jendea independentismora erakartzen saiatu eta masa independentista pixkana ezkerrera eramatea izan daiteke jokaldia, konplexurik gabe azalduz posizio politikoak. Gauzak horrela, Kataluniako prozesua pedagogia egiteko aukerak ematen ari da, baliatu nahi dituenarentzat. Sabadell eta CaixaBank bankuen kasua da azkena.

Beren egoitza soziala Kataluniatik atera dutela iragarri dute, Kataluniako independentismoari presio politikoa egiteko asmoz. Kontuak zer diren, euskal herritarrokin harreman zuzena dute bi bankuok: Banco Sabadellek Banco Guipuzcoano jan bazuen, CaixaBankek irentsi zuen Nafarroako CAN. Espainiako batasunaren alde mugitu diren bi bankuotan, kataluniarren independentzia babesten duten zenbat milaka euskal herritarrek ote dauzkate aurrezkiak? Kataluniako udal eta herritar ugari bidea erakusten ari dira elkartasuna adierazi nahi dutenentzat: dirua atera, ahuldu egitura ekonomiko hauek. Nafarroan #BagoazCaixaBank kanpaina mugitzen hasi dira. “Gaur Kataluniaren aurka ari dira, bihar Nafarroaren aurka izan liteke”, diote. Euskal Herriko zenbat udalek dituzte diruak bankuotan?

Eredu kapitalista gainditzen saiatzeko, egitura hauek ahultzea bezain garrantzitsua da bizitza erdigunean jartzen duten proiektuak indartzea, azken aldian eragile ugari nabarmentzen ari direnez. Fiare eta Koop57 eredu ditugu finantza esparruan, bi adibide aipatzearren. Bi ekintzak lotuz, aukera dago mahai gainean Kataluniarekiko elkartasuna adierazi, erakunde hauei presioa egin eta herrigintza ikuspegitik pausoak ematen jarraitzeko.

Eta bankuokin esandakoa energiaren alorrera, telekomunikazioen esparrura, elikaduraren edo hedabideen mundura eramanez gero? Etxean Iberdrola beharrean Goiener kontratatzea edo Kataluniako prozesuari buruz informatzeko Espainiako hedabideak utzi eta euskarazkoak hautatzea norberaren hautua da. Kataluniarrei lagundu eta aldi berean Euskal Herria behetik gora indartzen joateko, burujabetzaren aldeko lana egin daiteke esparru askotan.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07