blogak

Taupadak

Euskalgintza eraldatzailea, den-dena irabazteko

Euskaldunen aurkako erasoei aurre egiteko deituz, pankarta bat Donostian.

Euskaldunen aurkako erasoei aurre egiteko deituz, pankarta bat Donostian.

Jakitun baldin bagara euskararen normalizazioan 30 urte atzera egiteko arriskuan gaudela, galde genezake ea instituzio publikoek sentitzen al duten presio eraginkorrik hizkuntza politikan salto kualitatiborik emateko. Euskaraldiaren bultzatzaile gisa, adibidez, Eusko Jaurlaritzak lehen edizioaren aurkezpenean hitz eman ostean bigarren edizioan erakunde gisa konpromisoak hartuko zituela, ETB2, Osakidetza, Ertzaintza edo Hezkuntza sailak bere gain dituen instituzioak euskararen biziberritzearen ardura berriz ere herritarren gainean jarri du lotsagorritu gabe.

Euskaraldia ez zen ongi hasi: hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimenaren bezperan, euskara doan ikasteko eskubidearen aurka bozkatu zuen EAJk Eusko Legebiltzarrean, PSE, PP eta Voxekin batera. Izugarrizko muturrekoa milaka euskaltzalerentzat eta oso esanguratsua Jaurlaritzari Euskaraldian zentralitatea eman dion euskara elkarteen Topagunearen isiltasuna afera honetan. Zubigintzaren ajeak?

Egoera honetan, egiteke dagoen lana da hizkuntza politikak erabakitzen dituztenekiko independentea den subjektu euskaltzalea indartzea eta herriz herri antolatzea. Sumatzen dira mugimenduak edo bide berri horretan ekarpena egiteko gogoak, izan zenbait gaztek Gaztealdiaren bidez euskaraz bizitzeko hautu politikoa aldarrikatzean, edo zapalkuntza bistaratu asmoz erasoen pedagogia egiteko sortutako Euskaldunok Planto ekimenean. Norabide horretan, ezkerretik eta independentismotik euskalgintza berrasmatzeko Plaza Hutsa gogoeta oso emankorra suertatzen ari da. Abiapuntua zorrotza da: nola elikatu elkar euskarak eta burujabetza prozesuak? Eta hauxe Sorturen tesia: jauzi bat behar da hizkuntza politikan eta euskalgintzak herri mugimendu gisa arnasberritzeko bide berriak behar ditu.

Euskal Herriko eragilerik potenteena den eta gizartean aldaketarik sakonena eragiten ari den mugimendu feministak urteak daramatza bidea erakusten euskalgintzari, gizonez beteriko sektore euskaltzale ugarik entzungor egin arren: hizkuntz zapalkuntzaren kontzientzia politikoa landu, euskaldunen ahalduntzea bilatu, erasoen aurrean autodefentsa praktikatu, botere harremanak eta pribilegioak bistarazi, mugimendua herriz herri josi eta kalera atera, beste borrokekin zubiak eraiki, etengabeko analisi politikoa landu, bizitza eta zaintzak erdigunean jarri… eta horrekin guztiarekin batera, teoriek lur hartzen duten borroka konkretuak aukeratu.

Azken puntu honi dagokionez, ezin aipatu gabe utzi euskara doan ikasteko eskubide unibertsalaren aldeko borrokak duen potentziala. Sektore sozial ugari inplikatzeko daukan planteamenduagatik –euskaltzale militanteak eta euskaltegietako ikasle eta irakasleak, adibidez–, baita klase eta genero irakurketa begibistakoak egin daitezkeelako edo tokian toki borrokatzeko aukera ematen duelako ere. Baina batez ere, utopia bat marrazteaz gain, leku askotan lor daitekeelako eta jende askoren bizitzak goitik behera alda ditzakeelako.

The post Euskalgintza eraldatzailea, den-dena irabazteko appeared first on Lander Arbelaitz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07