Egungo ereduaren alde eskua altxata dauden EAJ, PSE eta PPko zinegotziak. (Argazkia: Inaxio Esnaola / Irutxuloko Hitza).
Bai, badakigu, urteetan horrela egin da publizitate instituzionalaren banaketa –Jaurlaritzan, Gipuzkoako Aldundian, Arabakoan eta Donostiako Udalean–, politikoki hautatutako hedabide gutxi batzuek dozenaka milaka euro jasotzen dituzte urtero eta besteentzat papurrak. Dauzkagun azken datuak Donostiako Udalekoak dira, ia milioi erdi bat euro banatu zizkieten iaz gaztelaniazko hedabideei eta euskarazkoei kontrara, 32.000 euro (poltsaren %6,43).
EH Bilduren ekimenez, Elkarrekin Podemosekin egoera salatu dute. Inaxio Esnaola kazetariak jaso ditu eztabaidaren nondik norakoak Irutxuloko Hitzan. Oposizioak proposatu du, bi komunitate linguistiko bizi direnez hirian –batzuk erdarazko hedabideekin informatzen dira eta besteak euskarazkoekin–, eta Udalak komunikazio ofizialak bi komunitateei egin behar dizkienez, dirua erdi eta erdi inbertitu beharko lukeela Udalak gaztelaniazko eta euskarazko hedabideetan.
Eskaera oso potentea da, hain gaude urruti egoera horretatik, imajinatzen ere zaila dela gai hau jarraitzen dugunontzat. Aldaketa erradikala litzateke hedabideen panoraman neurri hori hartzea lekuan leku instituzioek. Bere garaian, informazio burujabetzari buruzko erreportajean aipatu nuen hipotesi horrek lekarkeen iraultza. Hedabide nagusienek krak egingo lukete –asko ekonomikoki oso gaizki daude, ikus bestela Deiako azken greba–, eta hedabide txikiontzat –euskarazkoontzat– izugarrizko bultzada litzateke. Milioika euro jasotzen dituzte gaur egun El Correo eta El Diario Vasco gisako egunkariek publizitate instituzional gisa.
Ez gara inozoak. Bagenekien ezinezkoa zela hori onartzea Donostian eta batez ere, badakigu udal gobernuak ez duela atzera egiten ezerekin. Are gutxiago oposizioaren aurrean. Politikaren miseriak.
Halere, nabarmendu nahi nuke, mingarria iruditu zaidala Donostiako Euskara Zinegotzia izatea egungo banaketa injustua defendatu duena. Politikak aldatu nahi ez badira, beste norbaitek egin zezakeen besteren artean euskarafoboak ere badiren politika hauen defentsa. Banaketa injustuaz hitz bat ere ez du esan Insaustik. Sentsibilitate gutxi euskaraz bizitzen saiatzen garen donostiar guztiokiko.
Jaurlaritzaren banaketa ARGIAko azalean.
Gipuzkoako Aldundiaren banaketa publizitate instituzionalean, ARGIAko portadan.
The post Euskaldunon miseriak, Donostian Udalean gertatua appeared first on Lander Arbelaitz.