blogak

Taupadak

Euskal hedabideon eragina biderkatzeko aukera, eskura

(Irudia: Caja de Letras)

Herri honen burujabetzaren bidean euskarazko hedabideok misio garrantzitsua dugu: Euskal Herrian hedabide nagusi bilakatzea. Ez da erronka makala.

Gaur egun, gure txikitasunetik erdal medioei banaka irabaztea oso zaila da, ia ezinezkoa. Egitura enpresarial erraldoiak dauzkate, inbertsore pribatuak, publizitate instituzional bidez erakundeek euskarazkooi baino ehunka milaka euro gehiago ematen dizkiete, eta beren berri agentziekin, hedabide taldeekin eta interes politikoekin, sare gisa funtzionatzen dute. Hedabide hauek rol garrantzitsua betetzen dute egungo panorama politikoan, eta euskarazkook gure artean ez bezala, asko elikatzen dira beren artean. Batek albiste bat ematen du, besteak oihartzun egiten dio, hirugarrenak tertuliarako gai gisa hautatzen du, laugarrenak bertako parte-hartzaile batek esan duena albiste bilakatzen du… Beren logika eta terminologia propioekin, euskal herritarron agenda informatiboa eta egitura mentalak markatzen dituzte etengabe. Halere, hedabide hegemonikoen sinesgarritasun krisia orain arte bazterrean egondako askorentzat aukera gisa uler dezakegu, baita hizkuntza komunitate gisa ere.

Euskarazko hedabideok elkarlanerako pausoak ematen ari gara, Hekimen elkartearen sorrera kasu. Hala ere, oraindik ere batzuetan sumatzen den elkarren arteko lehiaren ikuspegia gainditu eta jada lanean ari den euskal hedabide sistema sare moduan ikusten badugu, indar handia hartzen du denak. Denetarik dugu: telebistak, irratiak, egunkari nazional eta lokalak, aldizkari orokor eta espezializatuak, medio digitalak… Zenbait gertaera puntualetan, hedabideok elkarlanean lan egin izan dugu eta argi geratu da ustez nagusi diren horiek gainditzeko gai garela. Euskal hedabideon artean alferrikako konpetentzia eskemak gainditu eta lehia (informatiboa) erdarazkoei planteatzea ezinbesteko zaigu.

Norabide honetan, txiki garenez, guztion egoera indartzeko tresna dira Creative Commons lizentziak. Eman, hartu eta aitortu. Norberaren webgunera bisitak erakartzeko joera erlatibizatu eta balia ditzagun kultura libreak ematen dituen aukerak. Kultura librearen filosofia barneratzea estrategikoa da hizkuntz komunitate txikiontzat (ARGIAn adibidez, urte eta erdiko prozesua egin genuen 2011n gure edukien lizentziak aldatzea erabaki aurretik, denok ongi ulertzeko zein zen ematera gindoazen pausoa). Komunikabide sare oparoa daukagu elkarren edukiak hartu eta zabaltzeko moduan, baliabide faltagatik jorratzera iristen ez garen informazioak ondokoarenetik osatu, eta bakoitzak bere komunitateari geroz eta produktu hobeak eskaintzeko bidean. Eta gainera, beste hizkuntzetan dituzten berri agentzia zentralizatuen beharrik ez dugu. Nodo deszentralizatuak bezala jokatuz, norberaren artikuluen zabalkundeagatik poztuz, euskaraz bizitzea interesgarriagoa eta gozagarriagoa egiten dugu. Egun lizentzia libreekin ari gara edukiak sortzen ia euskarazko hedabide guztiak –zein eta publikoak izan ezik!–. Egongo al da munduan hiztun komunitaterik hedabide gehienak lizentzia libreekin lanean dituenik? Ez al da harro egoteko modukoa?

Komunitateak saritzen ditu praktika zuzenak. Informazio burujabetzaren bidean, balia ditzagun CC lizentziak gehiago, eta hobeto.

The post Euskal hedabideon eragina biderkatzeko aukera, eskura appeared first on Lander Arbelaitz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07