blogak

Taupadak

“Donostiako alkateak pegatina hau debekatu du”

Publizitate komertziala hiri osoan jartzea legezkoa da.

Publizitate komertziala hiri osoan jartzea legezkoa da.

Errausketaren aurkako mugimenduaren logo biribila daramaten hiru pegatina kalean jartzeagatik, 400 euroko isuna Donostian. G7aren aurkako pankarta bat jartzeagatik, 400 euroko zigorra. Ertzaintzari komunikatu gabe 40 bat lagun kalean biltzeagatik –ez ziren turistak–, 100 euro. Santomas egunean animalien erabileraren aurka eserialdi bat egiteagatik, 7.200 euroko isuna.

Post Aiete garai hauetan, Donostia pazifikatuaren erradiografia osatzeko, adierazpen askatasunak hirian duen osasuna neurtzea ezinbestekoa dugu. “Eneko Goiak azken bi urteotan, lan politiko eta soziala egiteagatik 289 isun jarri ditu. Hiru egunean behin ekintzaile edota eragile sozial bat isunez zigortu dute”, salatu du urtea hastearekin batera Piztu Donostia, mozal hiriari ez kanpainak, Udalak berak emandako datuak erabiliz.

Kutxabanken publizitatea garbitasunaren adibide gisa.

Kutxabanken publizitatea garbitasunaren adibide gisa.

Gipuzkoako hiriburuan osteratxoa egitea nahikoa da zeure burua ultrakomunikatzeko. Starbucks, Elkanori buruzko erakusketa, El Conquis saioaren denboraldi berria edo “Egin zaitez ertzain” kanpaina alde guztietan ikusiko duzu. Eraikinen fatxada osoak hartzen dituzten iragarkiak, kale-argietatik zintzilikatutako bandera komertzialak, autobus geltokietatik hasi eta kaleko panel solteetara, autobusak berak ere publizitate ibiltari bilakatu dituzte kanpotik eta barnetik. Parking edo zerbitzu publikoetarako sarbideak “erosi” dituzte multinazional batzuek. Hiriko jazz festibala Heineken Jazzaldia bilakatu dute, eta honen agertoki ugariak Coca Cola eszenatokia, Skoda agertokia eta abar izendatu. Anoeta futbol zelaiak aseguru etxe baten izena dauka, urrutitik irakur daitekeenez.

Trinitate enparantzan, auzo baratzaren margoa ezabatu eta Heineken kartela jarri zuten gainean.

Trinitate enparantzan, auzo baratzaren margoa ezabatu eta Heineken kartela jarri zuten gainean.

Marka da gero, hiri marka zehazkiago esateko, Donostiako kaleak multinazionalen, enpresa pribatuen eta erakunde publikoen esku dauzkaten honetan, instituzioetatik kanpo herrigintzan ari direnen deialdiak, mezuak, aldarrikapenak kalean zabaltzea legez kanpo utzi izana. Ziur hau ere garbitasunaren izenean egin dutela. Legea ez da berria, baina datuek erakusten dute honen aplikazioa areagotzen ari dela Polizia. 2018an baino %18 isun gehiago jarri dute 2019an, Espainiako Mozal Legea eta Udalaren Mozal Ordenantza helduleku hartuta.

Zumaian, EAJren udal gobernuak kaleko komunikazioak nahieran zentsuratu zituen, eta ordainetan, bi urte eta erdian, pareta berean 100 bat mural margotu zizkieten. 24 ordu irauten zuten gehienez denek, azkenak izan ezik. Azken muralak hortxe dirau, eta alkate jaunak aginte makila galdu ostean Mozal Ordenantzaren asmoak bertan behera geratu dira.

Ondorioa: greba eskubidea greba eginez irabazten den bezala, adierazpen askatasuna komunikatuz irabazten da. Horregatik ziurrenik hasi gara ikusten Goiak pegatina hau debekatu du dioten pegatinak Donostia osoan.

Mozal hiriaren aurkako pegatinak.

Mozal hiriaren aurkako pegatinak.

The post “Donostiako alkateak pegatina hau debekatu du” appeared first on Lander Arbelaitz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07