blogak

Talaios

Nextcloud Moodle WordPress hirukoa

Digitalizazio prozesu azkartu honetan, ehunka dira era batera edo bestera beren lana eta bizitza digitalizatu behar izan dituztenak. Gure egunerokoan, Talaiosetik horixe da egiten duguna gure bezeroekin aholkularitza, formazioa eta garapena era integralean lantzen saiatzen garenean. Guk behar hauek asetzeko tresna libreak erabiltzen ditugu. Horregatik proiektu askorentzat baliagarri izan daitezkeen eta gure ogibide diren zenbait tresna libre aipatu nahi dizkizuegu, baliagarri izan daitezkeelakoan.

Nextcloud

Nextcloud, Hodei propio bat izateko aukera eskaintzen duen softwarea da hau. Zure fitxategi guztiak edozein tokitan eta kontrolatuta eduki nahi izanez gero hau da zure aukera. Fitxategiak bertan edukitzeaz gain, zure taldekideekin partekatu ditzakezu modu seguruan edota kanpora ere lotura bat eskaini nahi izanez gero. Sakelako aplikazioa ere eskaintzen du horrela, zure sakelakoen ere datuak eskuratu ahal izateko. Gehigarri bidez, proiektuak kudeatzeko tresnak, bideokonferentzia gelak, eztabaida taldeak edota dokumentuen edizio bateratua egiteko baliabideak gehitu ahal zaizkio, Collabora edo OnlyOffice bi adibide. Posta elektronikoa bertatik irakurtzeko aukera ere gehitu daiteke nahi izanez gero.

Edozein proiektuk behar du fitxategiak gorde, elkarlanean aritu, partekatu eta komunikatzeko tresna bat. Dropbox edo Drive erabiliz gero, datuen kontrola zure eskuetatik kanpo egoteaz gain, seguruenik zure proiektuak dituen behar berezietara egokitzeko zailtasunak izango ditu, zerbitzu hauek ezartzen dituzten mugen ondorioz.

Gure esperientzian, Talaios bertan erabiltzen dugu egunero eta Lakari kooperatibako lagunek ere martxan dute hodei zerbitzu propioa.

Moodle

Moodle e-irakaskuntza plataforma, irakasleek eta ikasleek beren dinamika aurrera eramateko aukera dute. Tresna asko eskaintzen ditu bertan txertaturik, foroak, galdetegiak, inkestak… Baliabideak (testua, loturak, irudiak, bideoak…) partekatzeko balio badu, zereginak bidali eta jasotzeko ere aukera eskaintzen du. Ondoren horiek ebaluatu daitezke edota gaitasunen arabera baloratu. Bere helburua ez da ohiko klase bat sarera eramatea bakarrik, baizik eta elkarrekintza bilatzea ere badu helburu tresnak.

Gainera beste tresna askorekin lotzeko aukera eskaintzen du gehigarrien bidez; horietako bat, H5P eduki elkarreragileko elementuak ikastarotan txertatzeko aukera ematen duena edota aurretik aipatu dugun Nextcloud fitxategi biltegi moduan.

Prestakuntza ez da bakarrik eskola eta unibertsitateen gauza. E-learning-ak enpresan ere badu bere lekua, eta aldaketa prozesuen eragile izan daiteke: aldaketa kulturalen, metodologikoen eta teknologikoen eragile, hain zuzen ere. Nolakoak dira prestakuntza-prozesuak enpresatan? Zer eragin du e-learning-ak horiengan? Zer plataforma edota eduki landu daitezke? Enpresen prestakuntza-prozesuetan e-learning-ak dituen inplikazioak ulertzea ezinbestekoa da. Bide honetan Moodle plataforma propio bat izateak bide interesgarriak ireki ditzake.

Donostiako Tabakaleran kokatutako Elias Querejeta Zine Eskolako Moodle plataformako zerbitzua jarri genuen eta eskolak bertatik jarraitzeko aukera dute orain. KoopFabrika proiektuan aldiz, edukiak partekatzeko, komunikazio taldeak antolatzeko eta proiektuen jarraipena kolektiboki egiteko baliatzen dute inplantatutako zerbitzua.

WordPress

WordPress, blogak sortzeko erabiltzen den software tresna garrantzitsuena da gaur egun. Tresna hau blogak sortzeko sortu bazen ere, era guztietako webguneak eta web zerbitzuak (online dendak, sare sozialak, elkarlan tresnak…) egiteko balio du orain. Munduko webgune guztien %25 inguru egiten da tresna hau erabiliz. Oso erabilera erraza da eta txantiloien bidez itxura aldatu eta gehigarrien bidez funtzio berriak gehitzeko aukera ematen duen tresna da. Bereziki interesgarria sortutako edukiak publikatu eta hedatzeko, elkarlanean aritzearen beste parte bat baita elkarbanatzea.

Tresna honek daukan hoberena bere egokitzeko gaitasuna da. WordPress oinarri duten web-ak oso ezberdinak izan daitezke horregatik, diseinua, programazioa, erabiltzen diren gehigarriak, mantenua… Zure egiteko aukera handiak eskaintzen dituen tresna izanik, merezi du pertsonalizazioan esfortzu bat egitea.

Errenteria.eus-eko udaleko web azpiegitura gehiena eta bere web unibertsoa honekin egin dugu eta oso emaitza onak eman ditu. Bestetik, La Directa erreferentziazko hedabide katalanaren webgunean ere parte hartu dugu, urrats handi bat emanez eta demostratuz WordPress-en gaitasuna noraino iritsi daitekeen. Bereziki interesgarria azken honetan, salmentak eta harpidetza egiteko aukera Woocommerce tresnaren integrazioaren bidez.

Aipatutako hiru tresna hauekin, proiektu askoren behar oinarrizkoenak beteta lirateke eta aldi berean burujabetza teknologikoaren bidean pausoak eman. Datuen jabetza eta kudeaketa inoiz baino garrantzitsuagoa den honetan gero eta faktore garrantzitsuagoa dena.

The post Nextcloud Moodle WordPress hirukoa appeared first on Talaios Koop..

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07