blogak

Sustatu

Zuria beltzaren gainetik, baita Patria porruen gainetik ere

Twitterrek irudiak zentratzeko algoritmo batt erabiltzen du, eta oker larria duela deskubritu dute. Oso irudi bertikalean, gizon beltzaren eta gizon zuriaren aurpegiak jarri, eta berdin dio nor dagoen goian eta nor behean: zentratze automatikoa gizon zuriaren gainean gertatzen da. Euskaldun batek Patria liburuarekin eta porru sorta batekin efektua errepikatzen saiatu da, eta kasu honetan ere, Patria hobesten du Twitterrek bi kasuetan.

Tony Arcieri izeneko programatzaileak egin zuen aproba Twitterrekin. Hona bere txioa, eta Twitterrek hori ikusitakoan hartu duen "ikertzeko" erabakiaren albistea. Egiazki, ez da lehen kasua adimen artifizialeko algoritmoak beltzak diskriminatzen ari direla aurkitu dutenekoa. Aurpegi ezagupenarekin gertatzen da, baina baita ere irudirik ez duten datu-multzo handiekin: halako kasu bat salatu da AEBetako ospitale sisteman.

Arcieriren probako pertsonaiak dira Barack Obama (ez munduko beltzik beltzena prezisamente) eta Mitch McConnell AEBetako Senatuko gehiengo kontserbatzaileko burua. McConnell Trump-en aldeko eragile politiko gogor bat da, eta aste honetan nabarmendu da duela lau urte egindako promesa bat jan duelako lasai-lasai: AEBetako Auzitegi Gorenean hutsunea gertatu zenean 2016an (Scalia epailea hil zen otsailean), maniobrak prestatu zituen McConnellek haren ordezkorik ez zedin aukeratu Obamak izendatuta, laster hauteskundeak zirelakoan. Orain, gauza bera gertatu da (beranduago urtean barrena, izatez, irailean hil baita Ruth Bader Ginsburg), baina orduan ezin zena egin egiteko oso prest dago McConnell: Trump-ek izendatzen duena berehala onartu Senatuan. Izendapen hauek bizitza osorako dira, eta horregatik kritikoa da AEBetako politikan noiz tokatzen den epaile-hutsunea betetzea.

Beste kontu batekin nola funtzionatuko zuen algoritmoak probatu du euskal txiolari batek, Alexander @GrantaireABC delakoak. Fernando Aranbururen porruak eta Patria liburua jarri ditu, irudi banatan goian eta behean, Arcierik aurpegiekin egin duen bezala, eta berdintsu emaitza. Hona nola ziren irudi originalak, bi txiolariek kargatuak:

Eta hemen Arcieriri irten zaiona, eta baita Alexander delako lagun honena:

Zertara dator porruak eta Patria nahastea? Ba Fernando Aranburu idazleak berak lotu ditu kontuak. Elkarrizketa eman zion El Pais egunkariari, Patria laster telesail gisa estreinatuko dutela-eta, eta zera bota zuen han: abertzaleen ustezko presioagatik, beldur publikoa egon dela Patria erosteagatik. "Herri txikietatik Donostiara joan behar izan dira asko Patria erostera, eta liburu saskian ezkutuan ekarri behar, porruen azpian".

Honaesteka eta pasartea:

Alexanderren esperimentuak erakusten duenez, Twitterren behintzat ez dago Patria porruan azpian ezkutatzerik: nabarmen irteten da gora. Oso pertsona zuria da Patria, edo algoritmoa konstituzionalista ere bada, bietako bat.

Algoritmoa zuzentzen dutenerako (baldin eta zuzentzen den), pantaila irudia gordeko dugu:

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07