blogak

Sustatu

Zuhaitzak, parkeak eta hiri berdeagoak beroketa globalari aurre egiteko

Hiriak zenbat eta berdeagoak izan, orduan eta hobeto eusten diote tenperaturaren igoerari. Bizi dugun larrialdi klimatiko honetan gero eta nabarmenagoa da gure hirien eredua aldatu egin behar dugula, bizileku berde eta naturalagoak sortuz.

Larrialdi klimatikoaren ondorioak gero eta nabarmenagoak dira: azken urteotan gure planetan jasaten ari garen bero-boladak, lehorteak, suteak eta uholdeak dira horietako batzuk. Konpontzen ez badugu, litekeena da epe laburrean, batez beste, munduko tenperatura 2°C igotzea, horrek ekarriko dituen ondorio eta arazo guztiekin.

Larrialdi horri aurre egiteko plangintza eta estrategia ausart eta globalak behar ditugu, baina baita ekimen txikiagoak ere. Besteak beste, hiri eta herri mailakoak, gure bizitokien antolaketa eta ezaugarri orokorrak moldatuko dituena.

Esate baterako, hiriek erantzukizun handia dute klima-larrialdian, bioaniztasunaren galeran eta, COVID-19 pandemiarekin ikusi dugun bezala, osasun globalean. Besteak beste, hiriek planetako baliabide gehienak kontsumitzen dituzte (izan energia, materialak edo elikagaiak). Gainera, munduko berotegi-efektuko gasen isurien bi herenen erantzule dira.

Kontuan izanda, Nazio Batuen iragarpenen arabera, 2050erako munduko biztanleriaren bi heren hiriguneetan bizitzea espero dugula, argi eta garbi dago gure hiri-eredua birplanteatu behar dugula. Hiri berde eta osasuntsuagoak behar ditugu. Argi dagoelako: ongi diseinatu, planifikatu eta kudeatutako azpiegitura berdeak dituzten hiriak erresilienteagoak, jasangarriagoak eta bidezkoagoak dira. 

Naturan oinarritutako irtenbideak

Beren ezaugarri ez-naturalengatik hiriak bereziki zaurgarriak dira beroketa globalaren eraginen aurrean, eta biztanleriaren gehiengoa bizi den tokiak ere badira. Beraz, lehentasunezkoa da hirietako larrialdia arintzeko eta egokitzeko ekintzak aztertzea. 

Ekintza horietan naturak funtsezko papera betetzen du. Naturan oinarritutako irtenbideak (NBS) naturaren printzipioak erabiltzen dituzten planteamendu, ekintza edo prozesuak dira, ingurumen-arazoak konpontzeko, hala nola, klima-aldaketara egokitzea, baliabideen kudeaketa, ur edangarria izateko eskubidea, elikagaien segurtasuna edo airearen kalitatea eta ingurumena. Helburua garbia da, gero eta hiri berdeago eta osasuntsuagoak izatea.

Zuhaitz handiak iragazki bikainak dira hirietako kutsadura jaisteko. Partikula finak eta gas kutsatzaileak xurgatzen dituzte (adibidez, karbono monoxidoa, nitrogeno oxidoak, ozonoa eta sufre oxidoak) eta aireko partikula finak iragazten dituzte, hala nola, hautsa, zikinkeria edo kea hostoetan eta azalean harrapatuz. Gainera, zuhaitz helduek ur-emaria erregulatzen dute eta funtsezko eginkizuna betetzen dute uholdeen prebentzioan eta hondamendi naturalen arriskua murrizten. 

Hirietako zuhaitzek airea 2 eta 8 gradu artean hozten lagundu dezakete, horrela hirietako "bero-uharte" efektua murriztuz. Horrez gain, landarediak tenperaturak amortiguatzen ditu, eraikinak hozteko eta berotzeko behar den energia murrizten lagunduz.

Osasun onurak

Gainera, hainbat ikerketak erakusten dute hiriko berdeguneetatik gertu bizitzeak eta baliabide natural horiek gure esku izateak gizakion osasun fisikoa eta mentala hobetu dezakeela. Onura horiek bereziki nabariak izan dira pandemiaren ondorioz sortu ziren konfinamenduetan, naturarekin eta berdeguneekin harremana izateko beharraz jabetu ginenean. 

Eskola-inguruneetan ere hainbat ikerketek frogatu dute jolastokian berdegune gehiago izateak errendimendu akademikoa hobetzen duela eta ikasleen arreta eta memoria-gaitasun hobetzen duela.

..................

Argazkia: Envirobites.org (cc-by-sa).

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07