blogak

Sustatu

Zinuema; euskarazko ikus-entzunezkoen emanaldiak sustatzeko ekimena

Euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza egonkor bat sustatzeko Zinuema egitasmoa abiatuko dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) lau herritan, azarotik hasita. 12 filmeko katalogo batekin, lau herritan emanaldiak antolatu dira; eta haietara joateko sistema bat antolatu dute: bono erosketa, aldez aurretik txartela ziurtatzeko edo trukatzeko. Zinuema.eus webgunea prestatu dute eskaintza azalduz. Euskarazko bikoizketa eta zine emanaldiak sustatzen dituen Tinko elkartearekin batera garatu du ekimenak UEMAk.

Azaro amaieran izango dira lehen ekitaldiak, hemen egutegia. Eta eskaintzari dagokionez, haurrentzako edo familako filmak nagusiki, baina nagusientzako dokumentalen batzuk ere bai. Eta ekimen berezi bat: Bertsolaritza Txapelketako finala (abenduaren 18an), zuzenean herrietako aretoetatik jarraitzeko esperientzia kolektiboa.

UEMAko lau herritan eskainiko da programazio hori: Igorre (Bizkaia), Etxarri-Aranatz (Nafarroa Garaia), Azpeitia eta Ataun (Gipuzkoa).

Emanaldi bakoitzaren ondorengorako inkesta batzuk antolatu ditu ekimenak (sariekin), ebaluatzeko nolakoa den esperientzia eta materiala, eta gauzak ondo bidean, ekimenak jarraipena izan dezan 2023an.

Ekimenaren aurkezpenean, hala izan zuen Iraitz Lazkano UEMAko presidenteak: “Administrazioen ardura da euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzea eta programazioetan lan horiek txertatzearen aldeko apustua egitea. Horregatik abiatu dugu ekimen hau; guri toki-administrazio gisa dagokiguna kontuan hartuta, gure esku dagoena egiteko; borondatea izanez gero bidea egin daitekeela erakusteko, baina baita gai honetan guk baino eskumen zabalagoa dutenei gure bidelagun izan daitezen eskatzeko ere”.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07