blogak

Sustatu

WorLdlEH: geografia eta Wordle uztartzen dituen jokoa euskaratu dute

Wordle euskaratu zuen taldeak, Talaios kooperatibakoak, haren ondoren sortutako joko geografiko antzeko bat euskaratu du orain. Frantziako garatzaile batek sortu du munduko estatuekin joko bat, Worldle, eta orain horren euskal bertsioa dugu, ez estatu-mugekin jolasteko, baizik eta Euskal Herriko udalerrien siluetekin: WorldLEH. Egunean herri bat asmatzea, hori da koxka.

Wordleren antzeko mekanika du, baina silueta bat erakutsiko du jokoak. Zein herriren itzala den asmatu beharko dugu eta beraz, hitza asmatu beharrean herria asmatu beharko dugu. Itzala udalerriaren muga geografikoak dira, kasu batzuetan "uharteak" badaude, hori da esklabe edo barrendegiak ohikoak direlako udal geografiarekin. Izen bat proposatuta, ze distantziatara ere geratu zaren esaten dizu tresnak, pista gehigarri gisa; eta gezi batekin bilatzen ari garen herria zein norabidetan dagoen ere adieraziko dizu erantzunak. Zazpi saiakera daude. Saiakera bakoitzaren ondoren, Euskal Herriko herriak ezagutzen baditugu behintzat, zein herri den asmatzea errazagoa suertatuko zaigu.

Jokoak zailtasun aldagai opzionalak ere baditu. Ezarpenen torlojuan sakatu eta hor dituzu; ez dira berehala egunekora aplikatzen, baina aukeratzen badizu irudia ezkutatzea edo irudia ausaz errotatzea, bihar mapa barik, edo itzal birakatuarekin azalduko zaizu.

Atzo honela konfiguratu...

Eta gaur honela azaldu zaigu:

Irudia ezkutatuta ere egin dugu aproba, kasu horretan distantzia eta geziez bakarrik asmatu behar duzu. Bi kasuetan duzu damutzeko aukera, eta irudi originalaren berragerpena agindu dezakezu klik batez.

Teknikoki Gaindegiaren Euskal Geo-mapak erabili zituzten udalerriak marrazteko. Honela 700 herri baino gehiagoren ertzak lortu dituzte eta ondorioz, 2 urtez egunero herri batekin jolasteko aukera daukagu. Udalerri bakoitzaren koordenatuak, ordea, Wikidatatik atera zituzten, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko (EWKE) Galder Gonzalezen laguntzaz.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07