blogak

Sustatu

Vasco Mini 2 gailuak euskaraz itzultzen du, baina halamoduz

World Mobile Congress delakoa ez zen gertatu joan den hilabetean Bartzelonan, baina haren antolakuntzak Global Mobile (GLOMO) sariak eman ditu, produktu desberdinak sarituz. Horietan artean Vasco Mini 2 izeneko gailu bat dagoela saritua agertu da Euskal Herriko erdarazko prentsan, euskarazko ahotsa itzultzeko gauza omen dena... Ba bai, ez da fake news, baina ñabardura dexente merezi dituen albistea bai.

Batetik, GLOMO sariak ez dira hiru domina joko olinpikoetan bezala. 34 kategoria daude, eta horietako batean irabazi du Vasco Mini 2 gailuak, "Best Connected Consumer Device" kategorian; hau da, kontsumitzailearentzako konektaturiko gailu onena. Alegia, ez da telefono bat edo ordenagailu oso bat, baina bai Internet konexioarekin dabilen zerbait.

Bigarrenik, Vasco Mini 2 deritzo gailuari bai, baina ez euskararekin edo Euskal Herriarekin loturarik duelako, baizik eta Vasco Electronics izena duelako, auskalo zein motibogatik, Poloniako enpresa batek. Haren produktua da Mini 2 gailua, eta horregatik da Vasco Mini 2.

Hirugarrenik, ahots itzulpena egiten du, eta bere hizkuntza zerrendan euskara du, baina ez du euskarazko ahots sintesirik, eta auskalo zer kalitateko itzulpena den. Itxura guztia dauka besterik gabe Google Translate zerbitzuaren pareak erabiltzen dituela gailuak, eta gero irakurketa euskararentzat arrotza den ahots batekin egituen duela. Produktuaren azalpen orrian badirudi hizkuntza batzuek irakurketa dutela, eta beste batzuek ez. Bengalierak edo gaztelaniak badute, euskarak ez (ikus artikulua ilustratzeko irudia).

Gailua ez dugu esku artean izan (260 euroan eros daiteke Amazonen), baina zantzu guztien arabera Travis Translator aparailu errusiarraren antzekoa da. Hizkuntza handi batzuekin nolabait ondo dabilela dirudi, baina euskararekin, halamoduz (berriz ere, seguruenik Google Translate tarteko) eta irakurketa oso traketsarekin. Xataka blogak aztertu zuen Travis, eta bideo batean testeatzaile euskaldun batekin probatu zuten (ikus bideoa 2'05'' unetik aurrera).

Bada, Vasco Mini 2 delakoa ere antzeko ibiliko dela iruditzen zaigu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07