blogak

Sustatu

Ukrainako traktoreen hackeatzea, garrantzizko kontu bat

Ukrainako gerrako albisteetan ikusiko zenituzten irudiak, beharbada propagandakoak, traktore ukrainarrak tanke eta gerrako beste ibilgailu errusiarretatik tiraka, errepideetatik bazterrera eramaten. David Bonilla Interneteko aditu espainiarrak erreparatu dio kontuari, azpian auzi mamitsu bat ere badagoela gogoratuz: traktoreen autonomia eta funtzionamendua software bidez murrizteko egon diren saiakerak, eta nola John Deere enpresa handia hori egiten saiatu zenean, erantzun teknologiko bat Ukrainan sortu zen.

Zera da kontua: John Deere traktoreak, hainbat ibilgailu eta era guztietako makinak bezala, softwarez hornituta datoz gaur egunean. Funtzionamendu egoki baterako kontrolak, fidagarritasuna, kontsumo maila egokiak... analisi eta teknika informatikoekin makinen errendimendua hobetzeko aukerak asko dira. Esate baterako, GPS bidezko kontrol batek lagun diezaioke nekazariari traktorea solo zabal batean espazio guztia igaro duela konprobatzeko, lan extra egin gabe.

Kontua da fabrikatzaileek ez bakarrik eskaintzen dituztela abantailak softwarearen bidez: bezeroa gatibu izateko modua ere bada. John Deere traktorea matxuratzen bada, bakarrik tailer ofizialak konpontzen ahal du, hark bakarrik baitu sarbidea softwarera. Hau da, nekazaria mekanikari ona bada ere, ezin da sartu bere jabetzakoa den makinara; ez nekazaria bera, ezta bere inguruko tailer mekaniko bat ere. Ez bakarrik matxuren kasuan, baita hobekuntza bat okurritzekotan ere...

Are gehiago, John Deere eta beste industria batzuek lobby lana egin dute AEBetan urteetan, softwareko gakoak irekitzea debekatzeko. DMCA edo Digital Millennium Copyright Act legea da horretarako modua: ikus-entzunezko digitalen babes neurriak gainditzea delitua den bezala (kopiak egiteko film batena), zure traktorearen "softwarearen kutxa" irekitzea ere bai.

Egoera horren aurrean, 2017 urtearen inguruan zabaltzen joan zen AEBetako nekazal inguruetan "traktoreak hackeatzeko" softwarea. Ukrainan jatorria duen firmwarea izan zen horretan gakoa. Firmwarea da, labur esanda, gailu jakin baterako marka batek sortu duen sistema-eragile txikia, batetik makina kontrolatzen duena, eta bestetik interfaze bat eskaintzen duen erabiltzailearekin eta parte mekanikoekin eragiteko. Firmware hori oso kontrolatua dago: uzten dizu X gauza egiten, eta ez gehiago, eta bertarako sarbidea markak kontrolatzen du. Baina, Ukrainako hacker batzuek nonbait, John Deereren firmwarea bortxatzeko modua aurkitu zuten, eta horrekin traktoreak "askatu" zitezkeen. Albiste honetan ikus daitezke pantaila-irudi batzuk, nola saltzen ziren duela urte gutxi halako sistemak.

Traktoreen hacking kontuari buruzko informazio gehiago hemen: https://tractorhacking.github.io/ 

Uste baduzu hau traktore eta nekazarien kontua denik, oker zaude. Gero eta gehiago gertatzen da hau era guztietako gailuekin. Sustatuko editoreak ezagutzen du BMW auto elektrikoa duen lagun bat: ordezkapen piezak kodetuta daude: auto-bujia bat zure kasa erosi eta aldatu? ez du funtzionatuko; auto zehatz horretarako kodetuta behar duen bujia bat jarri beharko diozu, eta BMWk bakarrik kodetzen ahal du hori.

Irudia, John Deere bat Euskal Herriko bazter batean.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07