blogak

Sustatu

Udaltop 2019: Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera... Ados?

 

  • Aurten, Euskal Hirigune Elkargoa, Nafarroako Gobernua, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia batu dira Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak osatzen zuten antolamendu Batzordera
  • Jardunaldiak elkarlanari begira jarriko dira eta Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera… Ados? izenburupean elkarlan ereduak eta Gobernantza eredu berriak aztertuko dituzte; eta, Euskaraldiak ere, izango du bere protagonismoa Lasarte-Oriako Kultur Etxean
  • Ostegun eta ostirala bitartean hamaika hitzaldik, talde lanaren bitartez eraikiko den berrikuntza sozialerako plataforma batek, testigantzek, Euskal Herriko euskara zerbitzuen lehen fitxategiaren aurkezpenak eta emanaldi berezi batek osatuko dute egitarau oparoa

 Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketei, bihar emango zaie hasiera Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Hamargarren urteurren bereziaren ondoren hamaikagarren edizioan barneratuko dira jardunaldiak eta, aurten ere, hamaika kontu ikusi eta ikasiko dituzte parte hartzaileek elkarlanaren esparruan. Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera… Ados? izenburupean, elkarlan eredu eta Gobernantza eredu berriak aztertuko dira ostegun eta ostiralean Lasarte-Oriako Kultur Etxean. Euskaraldiak ere, aurreko bi edizioetan bezala, izango du bere protagonismoa.

Udaltop bera ere elkarlanaren fruitua da. Eta aurten, erabat sendotuta dator Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak osatzen zuten Antolamendu Batzordea, izan ere, Euskal Hirigune Elkargoa, Nafarroako Gobernua, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia batu dira. Azken urteetan bezala Eudel, Euskadiko Udalen Elkartea, eta Uema, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, laguntzaile dira.

Euskara sustatzeko politiken eraginkortasuna biderkatzen da baldin eta horien oinarrian elkarlana badago. Erakundeen arteko lankidetza behar-beharrezkoa da eta, horri esker, hizkuntza politika koherente bat sustatzen ari gara euskararen eremu osoan, beti ere leku bakoitzaren errealitatea errespetatuz. Udaltop topaketa ezin hobea da Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko euskara teknikarien prestakuntza sakontzeko, eta bestetik sarea indartzeko. Oso garrantzitsua da Udaltop bezalako dimentsio handiko proiektu batean lurralde guztiak ordezkatuta egotea egiazko elkarlana gauzatzen ari den seinale baita”, azpimarratu dute Antolamendu Batzordetik.

Hamaikagarren edizioko gaia aukeratzeko garaian Euskaraldiak pisu handia izan du, “nahiz eta garrantzia hori egitarauan bigarren maila batean jaso. Euskaraldiak irakasgaien bat utzi badigu, erakunde publikoen eta euskararen alde lanean ari diren eragileen arteko elkarlana funtsezkoa dela izan da, eta horri heldu diogu aurtengoa antolatzeko. Horrela, azken urteotan jarritako helburuarekin jarraituko dugu esperientziak elkarrekin abiatzeak duen balio garrantzia nabarmenduz”, nabarmendu dute.

Ekitaldian, hizlarien eta parte hartzaileen artean Euskal Herriko txoko guztietako 210 partaide bilduko dira: Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako, Lapurdiko, Nafarroa Beherako euskara teknikariak, arduradun politikoak, irakasleak, hizlariak eta beste hainbat esparruetako langileak. Udaltopen osasun egoera onenaren erakusle dira zifra horiek.

Hitzaldiak eta talde-lana

Beste urtebetez antolamendu batzordeak egitarau oparoa osatu du aurtengo ediziorako: hamaika hitzaldi, talde lanaren bitartez eraikiko den berrikuntza sozialerako plataforma bat, Euskal Herriko euskara zerbitzuen lehen fitxategi osatuaren aurkezpena, testigantzak eta amaiera ekitaldia izango den emanaldi berezia.

Jardunaldietan bi atal ezberdintzen dira: batetik, elkarlan eta Gobernantza eredu berrien inguruko ponentziak izango dira; eta bestetik, Euskaraldiari lotutakoak.

Lehenengo blokean bi hitzaldi teoriko, lau esperientzia praktiko, mugaz gaindiko lankidetzaren inguruko ikuspegi kritikoa eta parte hartzaileen galdera, iradokizunak eta kezkak argitzeko tartea izango dira.

Azkeneko bi edizioetan bezala Euskaraldiak ere izango du bere protagonismoa. Orain arteko esperientzia on eta txarretatik ikasteko hitzaldia antolatu dute eta Euskaraldiaren antolatzaileei egindako inkestak utzitako ikerketa kualitatiboaren berri emango da. Hain zuzen, ikerketa honek bide emango dio talde-lanari.

Ordu laurdeneko aurrerapena

Ohiko dokumentazio jasoera eta hasiera ekitaldiak bidea irekiko die hitzaldi eta talde-lanei. Hamaikagarrenean bada berrikuntza txiki bat eta dokumentazio jasoera 15 minutu aurreratu da, 8:45era. Hasiera ekitaldia 9:00etan hasiko da “Zazpiak bat: elkarlana etxetik hasten da” izenburupean. Antolamendu Batzordea osatzen duten erakundeetako ordezkariak izango dira bertan.

Hasiera ekitaldian, gainera, Euskal Herriko euskara zerbitzuen lehen fitxategia aurkeztuko dute eta, bertan, mapan zehar bidaiatuz udalerrietan geldialdia egin eta herri bakoitzeko euskara zerbitzuen datuak eskuratu daitezke. Momentuz, www.udaltop.eus webgunean egongo da ikusgai fitxategia.

Osteguneko bidai luzea Mario Zubiagak hasiko du; “Nola autogobernatu hobeto (herriko hizkuntza) komunitatea” izenburupean ponentzia eskainiko du. Jarraian, Arkaitz Bernaolak, Iratxe Goikoetxeak eta Miren Madariagak “eusGara: hizkuntza, balio erantsi Arratiako enpresen garapenean. Elkarlanaren emaitza” bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.

Goizeko atseldenaldiaren ostean, Gartzen Garaiok eta Joeba Llanok hartuko dute hitza “Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua: elkarlana, nor izateko” ponentzia eskainita. Iban Arantzabalek eta Maria Ubarretxenak “Kudeaketan ezkonduak eta kazetaritzan dibortziatuak” izenburupean arituko dira. Goizeko azken saioko protagonista Iñigo Urrutia izango da “Euskalgintzaren lankidetza bideratzeko formula berrien bila” hitzaldiarekin.

Euskara teknikari, arduradun politiko, irakasle, hizlari eta hainbat esparruetako langileen tripa zorriak kentzeko asmotan Araeta Sagardotegira joango dira eguerdian. Beren artean egingo dituzten Udaltopak eta bazkariak bide emango die arratsaldeko jardunari, Eneko Bidegainen “Bagare ala ez gire? Guraizeetatik jostorratzetara” irakurketa kritikoari eta Iñigo Urrutiaren eta Xabier Lertxundiren “Elkarrizketa legelari eta kontu-hartzaileekin, lankidetza publiko-sozialerako formulez” ponentziari.

Topaketen bigarren eguna izango da ostirala. Gorka Espiauk emango dio hasiera ostiraleko jardunari “Zein izan behar dira euskalgintzaren baloreak XXI. mendean?” hitzaldia eskainita. Jarraian Estitxu Alkortak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, eta Jasone Mendizabalek, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak, “Euskaraldiko lankidetza esperientzia txarretatik ere ikas genezake?” izenburupean arituko dira.

Horiei testigua hartuko die Josune Zabalaren, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako hizkuntza ikerketa eta koordinazio zuzendariaren, eta Uxoa Anduagaren, Soziolinguistika Klusterreko teknikariaren, “Euskaraldia: mungimendu mintzoa” ponentziak.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07