blogak

Sustatu

Trans ikusgarritasunaren egunean, ikerketa bat trans emakumeen lan-egoeraz

Gaur Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna da. Gaiarekin zerikusia duen argitalpen bat kaleratu zen joan den hilabetean, "EAE-ko trans emakumeen lan-egoera". Txosten eta liburuxka (gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu da), sarean ere aurki daiteke formatu digitaletan (PDF, ePub, Mobi). Ikerketak 10 emakume trans eta lan-harreman arloko 6 profesionalekin eginiko elkarrizketak jaso ditu, eta hainbat ondorio eta proposamen nabarmendu ditu. 

Lan eta aniztasunaren kudeaketan dihardutenentzat interesgarria, baina elkarrizketan atala denontzakoa modukoa da. Liburu elektronikoak irakurtzen badituzu, jaisteko modukoa. Elkarrizketa anonimoak dira, eta pasarte batzuk ekarriko ditugu hona:

38 urte. Autoktonoa. Langile publikoa. Bere lehen lanbidea kontatzen duen pasartea:

Ezin nuen nire burua ispiluan ikusi, ezta argazkirik atera ere. Ez daukat garai hartako argazkirik. Ezkutatu egiten nintzen: aurpegia estaltzen zidan bufa eta txandal neutro bat janzten nituen. Nire ahotsak ere ez zuen nire sexua identifikatzen laguntzen, ezta gaur egun ere.

Garai hartan gizona nintzen teorian, baina ez nuen gizon itxurarik. Nire burua estaltzeaz gain, ile luzea neraman, eta horrek arazoak eman zizkidan hasiera-hasieratik.

Geroago, karrera ikasten ari nintzenean, itxura fisiko horrek ere ez zizkidan gauzak erraztu. Zinema batean egin nuen lan. Nik aretozain gisa aritu nahi nuen, ilunpean egoteko. Unisex uniformea geneukan eta horrek ongi sentiarazten ninduen, neska zein mutil, galtza eta kamiseta berdinak erabiltzen baikenituen. Bufa kendu behar izatearena putakeria ederra izan zen, kafetegian jarri baininduten krispetak saltzen. Ikaragarria zen. Nik ilunpean egon nahi nuen.

(...) Uste dut une egokian azaldu nintzelako hartu nindutela eta gogoratzen naiz elkarrizketa egin zidanak oso gaizki pasatu zuela, zeren, gaztelaniaz ari bazara eta aurrean duzuna zer den ez badakizu, nola moldatu zaitezke? Baina, tira, kafetegian jarri ninduen eta, egia esan, arazoak izan nituen jendaurrean lan egiteko… Jendeak uniformatuta ikusten ninduen, baina bularrik gabe eta, noski, aurpegi eta ahots hauek edukita… Ilea ere luze neraman, baina ez zen batere femeninoa. Erabat androginoa nintzen eta konturatzen nintzen jendeak niri eskatzea ekiditen eta beste zerbitzariengana jotzen zutela.

35 urte. Migratua. EAEn egin zuen trantsizioa. Jazarpen batetik, beste batera, passing bat lortu ondoren ere:

Pisu batera joan nintzen garbiketa-lanak egitera, a etxeko mutilari hasieratik esan nion trantsizioa egiten ari nintzela, jakinaren gainean jarri nahi nuelako eta oraindik ere oso itxura androginoa nuelako, aurpegiko ileengatik eta. Trantsizioa egiten ari zara eta jendeak min ematen dizu horregatik. Ez daukazu zispassingik eta, bueno, etxeko mutilak esan zidan etxea garbitzeko arazorik ez zegoela, baina emakume beharra zuenean prest egon beharko nuela. Horixe esan zidan, zin egiten dut. Oso bitxia ematen du, baina egia da.

(...)

Gaur egun ere jazarri egiten naute; jada ez trans emakume gisa, baizik eta emakume gisa. Orain beste topiko batzuen aurka ari naiz borrokan. Emakumea naiz eta itxura latinoa daukat. Eta orain, «zeinen arraroa haurrik ez izatea, zuek (latinoek) futbol-taldeak izan ohi dituzue» eta halako topikoak entzun behar izaten ditut. Iruditzen zait, halakoak esateko eskubidea dutela uste dutela «kanpotar» etiketa daukagulako.

Galdera hori egiten didatenean, hau erantzuten diet: «Erdialdeko Amerikan jaio nintzen, baina ni hemengoa naiz». Hori lortzeko borrokatu dut.

Gainerakoek euren burua aurkezten dutenean ez dute esaten «gizona naiz, zuria, zisgeneroa eta heterosexuala». Orduan, ez dut ulertzen zergatik arrazoitu behar dudan nor naizen.

69 urte. Erretiroa hartu ondoren hasi zuen trantsizioa.

Kasu apur bat berezia da nirea. Adinean aurrerago hartu nuen erabakia, erretiroa hartu nuenean.

(...) 40 urte inguru nituela, ideiak argiago edukitzen hasi nintzen. Bikotekidearekin hitz egin nuen eta horri aurre egiteko gai ez zela erantzun zidan. Bestalde, laneko kontuak… Lagun nahikotxok zekiten nire egoeraz eta babestuta sentitzen nintzen. Baina, garai hartan, psikologo talde batekin ari nintzen lanean eta terapia luze bat egin nuen hango lankide batekin. Banekien erabakia hartu beharra nuela, baina terapeutak jendeak baztertu egingo ninduela esaten zidan… Nire alderdi femeninoa garatu nezakeela esaten zidan, baina ezkutatuta mantentzeko. Mugatu egiten ninduen eta nik «agian pasako zitzaidala» pentsatzen nuen batzuetan (barre egiten du). Eta ez da hala.  

Gehitu eta Mugen Gainetik GKEn lankidetzari esker sortu da txosten hau, Eusko Jaurlaritzako eLankidetzaren laguntzarekin, eta Aintzane Muguruzak erredaktatu du. 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07