blogak

Sustatu

Telefono erabiltzaileen mugimendu jarraipena datorren astean Espainian

Datorren astelehenetik ostegunera (biak barne, azaroaren 18tik 21era, alegia), Espainiako Orange, Movistar eta Vodafone konpainietako telefono mugikorren erabiltzaileen kokapena bilduko du Espainiako Estatitika Institutuak, INEk. Datuak modu anonimoan bilduko dituzte enpresek, eta ez da hortaz, jakingo nor nondik nora joan den egun horietan. Hego Euskal Herriko erabiltzaileok, adi, Vodafone eta Orange enpresetako telefonoa baduzue, badago aukera zuen telefonoak datu-bilketatik salbuesteko.

Movistar konpainiak ez omen du datu-bilketatik salbuetsia izateko aukerarik. Baina beste bietako telefonoa baduzu, zera egin dezakezu:

  • Vodafoneren kasuan, Mi Vodafone aplikazioa erabiliz (Android, iOS) aukera hauen bidea jarraitu: Mi cuenta > Permisos y preferencias > Permisos, eta hor aktibatu “No acepto que Vodafone ceda datos anonimizados".
  • Orangeren kasuan, idatzi orangeproteccion.datos@orange.com helbidera, lerroburuan “protección de datos” aipatuz, eta NAN dokumentuaren eskaner irudia itsatsiz.

INEk herritarren mugimenduen datak nahi ditu bildu bere prospekzio estatistikoak egiteko. Datorren asteko lau lanegunez gain, bi jaiegun kontrolatuko dituzte jarraian: azaroaren 24a (igandea), eta abenduaren 25a (eguberri eguna). Oporraldiko bi eguneko neurketarekin itxiko da esperimentua datorren urtean (uztailak 20 eta abuztuak 15).

INEk ordaindu egingo die telefono konpainiei datuengatik: 185.000 euro Orangeri, 163.000 Telefónica/Movistarri eta 150.000 Vodafoneri. INEk adierazi duenez, Espainiako Estatuko geografia 3.200 alorretan zatikatuko dute, bakoitza 5.000 lagun ingurukoa teorikoki. Telefonoen datuek alor bakoitzean une bakoitzean zenbat pertsona egongo diren agerraraziko dute, eta nondik nora mugitzen diren orduen eta egunen buruan. Ez zenbakiei ez kontratudunen izenei lotutako daturik ez omen zaio pasatuko INEri: zenbat telefono non, hori omen da dena.

Izatez, telefono konpainiek jakin badakite zu, une jakin batean, non zauden. Gure telefonoak etengabe daude antena batera lotuta, eta mugitzen garenean antenaz aldatzen gara. Telefono deia egiten badigu lagunak, konpainiak badaki jaso bezain laster zein antenatara bidali behar duen. Epaile baten aginduz, datu hauek jada jakinarazten dituzte konpainiek. Gertaera jakin bat gertatu bada halako puntuan halako orduan, aginduarekin poliziak jasotzen ditu bertako antenetara une horretan konektatuta zeuden telefono-zenbakiak, eta kontratuen kasuan, baita erabiltzeileen identitateak.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07