blogak

Sustatu

Sustaturen Segura Irratiko kolaborazioak, Twitch bidez zuzenean

Duela hiru urte inguru ari da Sustatu Segura Irratiarekin kolaboratzen, Goizerokoa saioan ostegun goizeetan teknologia tarte bat osatzen. Aurrerantzean, zuzeneko kolaborazio hauek ikus-entzunezko bihurtuko dira, eta audio zuzenekoa Segura Irratian entzuteaz gain, Sustaturen Twitch kanal berrian emango ditugu. Lehen saio "ofiziala", ostegun honetan, martxoak 24, 10:35 aldera.

Telefono bidezko konexioak hasi baziren izaten Segura-Sustatu kolaborazioak, Covid pandemiarekin, duela bi urte, telekonferentzia izatera igaro ziren. Telelan egoeran, Jitsi plataforma egokitu genuen Sustatun, eta konexio kalitate hobea emateaz gain, Luistxo Fernandez (Sustatu) eta Iñigo Arretxe (Segura irratia) esatariek komunikazioa errazten zela ikusi zuten. Irrati uhinetan audioa banatzen zen, baina bi lagun hauek elkar distantzian ikusten zutela egin izan dira saioak.

Telekonferentzia kontu horretatik, zuzeneko emanaldi aprobazko batzuk egitera ere pasatu ginen. Youtube bitartez eta kili-kolo hasieran; aurten erabaki dugu modu finkoago batean, eta Twitch bidez egitea. Zuzenean Twitchen, baina aldi berean emaitza gero Youtubera igoz, eta bertan artxibatuta. Abisurik gabeko aproba joan den ostegunean egin genuen, kasu honetan errekurtso grafiko batzuk ere tartekatuz (Ruper Ordorikari buruzko memeak), eta txarto ere ez zenez irten, hemendik aurrera, saio finkoa. 10.35 edo 10.40 aldera sartzen gara uhinetan ostegunetan, eta 15 edo 20 minutuz luzatzen da tartea.

Konektatu beraz, ostegunean, hona: https://www.twitch.tv/sustatu (eta uhinetan Segura Irratian)

Eta gero, saioak Youtube kanalean gordeta utziko ditugu.

Sustaturen Twitch kanala irrati-emanaldi hauekin inauguratzen dugu, baina beste era bateko edukiak ere eman nahi ditugu tarteka. Elkarrizketaren bat, tutorial teknikoren bat... ikusiko dugu, abisatuko dizuegu.

Aurreko ostegunekoa nola geratu zen ikusteko, hemen duzue:

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07