blogak

Sustatu

Sustatu sinpleago bat, informazioan zentratuago, "adin nagusiko" (18 urte) bihurtzekotan

Azken asteetan aldaketa txiki baina esanguratsu batzuk sartu ditugu Sustatun. Batetik, uztailetik aurrera, ez dugu jada Saretik ataleko "albistegi automatikoaren" ekarpenik azalera ekartzen. Komunitatearen ekarpenak eta, batez ere, Sustatuk berak landutako artikuluak dira orain azalaren eduki osoa. Bestetik, ordenagailuko diseinuko azala ere aldatu dugu, sinpletuz. Jada ez dago mosaikoa (ikus irudia eta esan diezaiogun agur), baizik eta betiko blog eskema klasiko eta sinpleagoa: goitik beherako albiste hurrenkera klasikoa. IKT informazio zuzen eta argi ematen jarraitzeko asmo berritu baten seinale dira, laster 18 urte beteko ditugularik (azaroan).

Bai, urteak aurrera doaz: 2001eko azaroan hasi zen Sustatu, eta 18 urteko artxiboaren informazio-sakonera hau agerian jarri nahi izan dugu artxibo berrituarekin. Goiko menuan aukera agerira ekarri dugu, eta artxiboa hilabetez hilabete eta egunez egun antolatu.

Lehen artikuluak 2001eko urrian daude datatuta, baina frogako ekarpen batzuk izan ziren. 2001eko azaroan hasi zen martxan, publikoki, webgune hau, orduko .com helbideekin (oraindik funtzionatzen dutenak, .eus-era desbideraketa automatikoarekin).

Artxiboaren lehen urteak lehorrak dira, apenas irudirik gabeak (ikus 2007ko ekaina, adibidez), baina 2010etik aurrera, irudi gehiago dago, eta 2013ko udatik, nagusiki grafikoa da Sustatu. Urte horretako udatik aurrera, albistegi automatikoa ere martxan hasi zen, eta egun jakin batean klikatuz gero, horren bidez harrapatutako albisteak ere kontsultatzen ahal dira.

Hemendik aurrera, "eduki automatiko" horiek egongo dira Sustatun, eta goiko menuko Saretik eta Bideoak atalak hor daude, bata Umap zerbitzuan oinarritua, eta bestea TBX.eus bideo biltegian (denak CodeSyntax-ek garatuak); baina azalera joango den edukia berezkoa izango da, kanpoko ekarpenak (akaso beste toki batzuetan ere errepikatuak) edo Sustatuko editoreek landuak. Gaiari dagokionez, teknologia albiste berezitua gara batez ere: alboko kontuak, batez ere kultura digitalari lotutakoak badira, sartzen dira, baina IKT gaiez euskaraz informaztea da gure zio eraberritua, Internet munduaz euskaraz informatu, eta euskararen erronka teknologiko eta komunikatiboetan sakondu batez ere.

2001ean hasi ginean, Goienak eta CodeSyntax-ek partekatzen genuen ardura editoriala, baina aspaldi CodeSyntax-ek daroa bere gain. Une honetan Asier Sarasua eta Luistxo Fernandez gara editoreak. Kontuan izan, dena dela, ekarpenetara irekia dagoela Sustatu, lehen egunean bezala. Weblog ireki gisa ireki zen 2001ean, eta horixe da 2019an. Albistea, iruzkina edo ekarpena argitaratzeko erraza da: ordenagailuko bertsioan, goiko menuan, eskumatan sartu-idatzi botoi berdean klikatu, eta ondoren, Hasi Saioa dioen tokian, errazena zera duzue, Twitter edo Facebook botoien bitartez sartzea.

Klik bakarrean, kontuan sartzen zara (edo ez bazenuen lehendik, sortu egiten da). Berdintsu erantzun bat uzteko, Twitter edo Facebook bidez egin daiteke.

Honek, noski, beste sare sozialetan horietan duzun profilarekin lotzen du erabiltzailea... ba bai, nahita dago eginda, anonimoen zakarrari traba jartzeko. Eduki gutxiago sortzen da horrela, kontziente gara, baina onerako delakoan gaude. Edonola ere, ez Twitter ez Facebook-en konturik ez duenentzat, badago e-postaz alta emateko aukera (hemendik).

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07