blogak

Sustatu

Streaming plataformak: euskal edukiak eta euskal audientziak

Netflix eta Amazon Prime Video euskarazko bikoizketak eta azpidatziak eskaintzan hasi dira uda honetan jarraikortasun nabarmen batekin. Netflixeko lehen bikoizketa uztailean izan zen, baina materiala gehitu dute harrezkero. Amazonen azpidatzi absurdo batzuekin hasi ziren udaberrian, baina udan zehar estreinaldi estandarragoak hasi dira euskaraz eskaintzen. Streaming zerbitzu handietan aparte geratu dira oraingoz Disney Plus eta HBO Max. Unea izan daiteke gogoratzeko Euskal Herrian zerbitzu hauek duten erabilpen hazkorra, zeina euskal hedabideen Behategiak aztertu zuen berriki.

Otsailean aurkeztu zuen txosten bat jardunaldi baterako Behategiak, eta zenbait datu nabarmentzen ziren bertan. Jada populazioaren erdiak bazuela 2021ean streamuing zerbitzu baterako harpidetza Hego Euskal Herrian 2021erako; beraz, 2022an hortik gora egongo da ziur.

Ikus-entzunezkoen kontsumitzaile gazteen artean da bereziki handia datua: hamarretik zazpi 25-34 urte bitartean, eta hamarretik ia zortzi 14-24 urte bitartean. Ikusleak gazteenak izan arren, harpidetzaren ordaintzaileak nagusiagoak dira. Hona grafikoa:

Harpidetzaren bat dutenen artean (populazioaren erdia) % 85k du Netflix kontu bat. Honek esan nahi du urte hasieran populazio osoaren % 42k zuela Netflixerako sarbidea. Harpidedunen % 52k du Amazon Primerako sarbidea (populazioaren % 26) eta % 22k HBO (populazioaren % 11).

Behategiak euskararen ezagutzarekin ere erkatu zituen datuak. Hego Euskal Herriko harpidedunen artean, hamar harpidedunetik zazpi moldatzen da euskaraz, populazioaren %71. Azterketaren unean, euskaraz hitz egin, irakurri eta idazten dutenen artean %57 da plataformetako harpidedun, eta euskara ulertzen ez dutenen artean %43.

Beraz, bikoizketa eta azpidatzietarako publiko potentzial eta ehuneko esanguratsua.

Azken egun eta asteetako eduki euskaldunei dagokienez, Amazon Prime Videon daude euskarazko bikoizketarekin film hauek gutxienez: Copshop, La vie escolaire, Moonfall eta The 355. Uste dugu kasu horietan euskarazko azpidatziak badaudela, eta gainera Amazoneko beste bi film hauek ere azpidatziak dauzkate: Thirteen Lives (Tailandiako leizezuloko erreskateaz), eta Anything's Possible.

Netflixeko kasuan, haurrentzako moduko materiala bikoiztuta txukun azaltzen hasi9 da. The Sea Beast aipatuaz gain, Super Giant Robot Brothers eta Lost Ollie telesailak (azken honetakoa hartu dugun pantaila-irudia), eta Rise of the Teenage Mutant Ninja Turtles film luzea.

Netflixen azpidatziekin agertu direla honako hauek ere ziurta dezakegu, bikoiztuak daudenez aparte: The Next 365 Days, Day Shift, Purple Hearts, The Gray Man, Spiderhead, Hustle eta Interceptor, denak 2022ko estreinaldiak, eta Resident Evil telesaila.

Berritasun hauen berri izateko, bikoizketez informatzen du oraingoz Zer Non Ikusi webguneak, baina asmoa dute azpidatzien berri ematen hasteko. Pantailak Euskaraz ekimenak ere txintxo informatzen du Twitter bidez

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07