blogak

Sustatu

Signal-en iragarkiak, Facebook-en trikimailuak agerian uzteko

Mastodoneko euskal komunitatetik jaso genuen pista duela egun batzuk, albiste honena. Signal-ek Facebook-i sartutako ziria, edo beste modu batean esanda, Facebook-ek nola zentsuratu dituen Signalen iragarkiak Instagramen eta FB-n bertan. Kontuak badu interesa eta azaltzen saiatuko gara.

Signal da mezularitza edo komunikazio errazeko plataforma bat, hala nola Whatsapp edo Telegram, edo beste tresna batzuen barruan (Facebook bera, Instagram edo Twitter) integratuta dauden mezu zuzenen trukeko tresnak bezalakoa. Ospea du (diotenez, eta Sustatun jaso genuen) segurtasun eta pribazitate aukera onak ematen dizkizula (eta euskaratuta dago, bide batez). Nolanahi ere, Signal enpresa pribatua bat da, helburu ekonimikoak dauzka, merkatu kuota irabazi nahi du, eta horretarako publizitatea egiten du, edo egitea erabaki dezake.

Hortaz, publizitate kanpaina bat egitea erabaki zuten, edo, zuzenago esanda, marketin jokaldi bat beharbada. Gorago eta beherago ikusten dituzuen testu-iragarki hauek prestatu zituen Signal-ek, Instagramen eta Facebook-en erakusteko. Instagram, noski, Facebook-eko jabetzakoa da, eta bere publizitate sistemak uzten dio iragarleari bere 'target' edo helburu duen publikoa oso zehatz aurkitzea, Facebook-eko datu demografikoek sekulako sakontasuna dutelako.

Adibide bat jartzeagatik, zu odontologoa zara eta bereziki bezero gazteak lortu nahi dituzu hiri jakin batean: parametroak zehaztu, eta Instagrameko oso erabiltzaile zehatzek ikusiko dituzte zure hortz-klinikaren iragarkia. Are gehiago, esan dezakezu adin jakin bateko mutilek iragarki zehatz bat ikus dezatela (beraientzako mezu aproposarekin) eta neskek beste bat ikus dezatela. Eta beste hainbat aldagai: aurreikusitako gaitasun ekonomikoaren arabera, "aurrezpen plan" bat edo beste eskaini hortzak konpontzeko...

Horixe egin du Signalek, Facebook-ek eskainitako tresnaren gaitasuna komertzialki erabili: parametro zehatz-zehatzen araberako iragarki automatizatuak lortu, baina zertan datza gakoa; bilaketa parametroen araberako terminoak sartu dituzte iragarkian bertan, erabiltzaileek ikus dezaten zein zehatz ezagutzen dituen sistemak, ze kontrolatuak dauden.

Ikusi iragarki hauek, azpimarra ilunagoarekin agertzen diren terminoak 'target' edo helburua markatzeko erabili dira.

Signalek zehaztu dituen parametroak, ezkerrekoaren kasuan:

  • Lanbidea: Pilates irakaslea / Ezkonberria / zaletasuna: komikia / Nongoa: La Jolla (hiri bat Kalifornia) / Zer bisitatzen du sarri: gurasoentzako blogak / Interes errepikakorra: LGBT adopzioa.

Eskumakoan, berriz:

  • Lanbidea: Kontulari funtzionarioa / Harreman ireki batean / Non: Hego Atlanta / Interesa: Azalaren zaintza naturala / Musika zaletasuna: Cardi B.

Iragarki horiek ikusi dituzten pertsonek, harrituta ikusi dute zehatz-mehatz beraien profila deskribatzen dutela iragarkiek. Facebook-eko datubase eta algoritmoek zehazki pertsona/helburu horietara iristeko modua eskaintzen dutelako.

Zer gertatu da? Facebook-ek kanpaina debekatu dio Signali. Prest daude zure datuak zehatz-zehatz saltzeko iragarleei, baina ez zaitezela enteratu. Iragarleek badakite, zuk ezin duzu jakin. Polemika areagotzeko, gainera, halako kanpainarik ez dela gertatu esan izan du Facebook-ek, baina Signalek Instagramen zein Facebook-en aterako pantaila irudiekin demostratu ahal izan du baietz, iragarkiak programatu bezala hasi zirela erabiltzaileen pantailetan agertzen, baina Facebook-ek blokeatzeko ahaleginak egin zituela.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07