blogak

Sustatu

SETI@home itxi dute, eta ez dago estralurtarren arrastorik

SETI@home programa itxi egin dute. Estralurtarren irrati-mezuak aurkitzeko SETI izeneko ahaleginaren adar honek, milaka lagunen ordenagailuetan funtzionatzen zuen Interneten, eta esperantza zen konputazio paraleloaren bidez analisatutako irrati-frekuentzietan agertuko zela inteligentzia estralurtar baten zantzurik. Emaitzarik ez da izan, eta zalantzak hedatzen ari dira SETI@home-k huts egin duen bezala, SETI osoa alferreko bilaketa ez ote den.

SETI@home 1999. urtean hasi zen, Interneten lehen zabalkundearekin konexio ugarien konputazioa erabiltzeko ideiarekin. Urte askoan batez ere Areciboko irrati-teleskopioaren seinaleak aztertu zituen batez ere, baina azken urteotan beste iturri batzuetakoak.

Ideia da irrati-seinaleetan inteligentzia seinaleak aurkitzea: algoritmo matematikoak, naturalki gertatzen ez diren aldaerak... Contact liburuan eta filmean ikusten da halako ahaleginen emaitza positibo bat: estralurtarren seinalean mezu bat dago untzi moduko bat eraikitzeko.

SETIk esan nahi du Search for Extra Terrestrial Intelligence ingelesez: estralurtarren adimenaren bilketa. Ahalegin hauek hasi zirenean, ekuazio bat erabili ohi zen, Drakeren ekuazioa, zeinaren arabera inteligentzia estralurtarren presentzia oso handia izan behar zen gure galaxian bertan. Baina 2018ko berrazterketa batek argudiatu zuen optimistegiak zirela Drakeren usteak, eta kalkulu berriak zera eman zuen: ez dago beste inteligentziarik, bakarrik gaude.

Erantzun soil horrek inteligentzia estralurtarraren ausentziaren paradoxa konpondu zuen batzuentzat. Fermiren paradoxa da hori, eta funtsean zera dio: estralurtarrik baldin bada, zergatik ez daude? non dago jende guztia?

Enrico Fermiren paradoxaren erantzun sinpleena horixe liteke: ez dago beste inor, bakarrik gaude. Baina beste soluzio bat asmatu duenik ere bada: Baso Ilunaren teoria proposatu du idazle eta fisikari txinatar batek, Liu Cixinek. Laburbilduz, honetan oinarritzen da: zibilizazio estralurtar guztien lehen egitekoa da isiltasun osoa gordetzea, zeren eta arrisku handiegia dago beste inorekin topo eginez gero, hark zu likidatzekoa. Hortaz, adimen estralurtarrak badaude galaxia-baso honetan, baina denak isilik, adi eta uzkur, ez dezan inork igarri edo jakin hor daudela.

Fermiren paradoxak bakardadean uzten bagaitu, edo Baso Ilunaren teoria egiazkoa bada, berdintsu geundeke: adimen estalurtarrekin topo egiteko esperantzarik gabe. Nolanahi ere, oraindik esperantzarik duenik badago, eta Breakthrough Listen proiektuak jarraitzen du 2026. urtera arteko entzuketa programa batekin, 100 milioi dolarreko aurrekontu pribatuarekin.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07