blogak

Sustatu

Perimetro baimenduaren aplikazioa (Bizitikotik) ofiziala da jada Google Playn

Joan den astean iragarri genizuen nola Egoitz Gonzalez informatikariak Android mugikorretarako app interesgarri bat sortu zuen, Bizitokitik. Orduan .apk solte moduan instalatu behar zenuen, eta gorabehera batzuek zaildu zezaketen hori. Orain jada ez, Google Play aplikazioen dendan, ofizial eta dohainik daukazue Bizitokitik (Android bakarrik, noski).

Adi instrukzioei.

a) Joan den astetik .apk erakoa instalatuta baduzu, ireki mugikorrarekin aplikazioaren Google Play esteka hau, eta...

  • Esteka horretan aplikazioa eguneratzeko eskatzen badu, eguneratu.
  • Instalatzeko eskatzen badu, aurretik instalatuta zenuena desinstalatu eta berria instalatu.

b) erabiltzaile berria bazara, instalatu normal Google Playtik, eta instalazio prozesuak gidatuko dizkizu urratsak, baina kontuan izan bi puntu inportante:

  • Kokapen edo GPS funtzioa aktibo izan.
  • Etxean zaudela egin lehen instalazio/aktibazioa, horrek markatuko duelako kilometro bateko perimetroa.

Behin aplikazioa instalatuta eta perimetroa marrazturik, Bizitokitik aplikazioak finko erakusten du perimetro hori, eta zure posizioa erakusten du perimetro horretan puntutxo urdin batekin; ertzera iristen bazara ikusiko duzu... eta pasatzen bazara ere.

Hego Euskal Herrian kirola eta paseoak egiteko konfinamenduko instrukzioetan ez dago argi ea beti kilometro bateko perimetro hau errespetatu behar den (udalerriko mugak ere sartzen dira "ekuazioetan"), baina haurrekin irteteko instrukzioetan bada argia kilometroarena, baldintza hauekin: guraso edo nagusi bakarra umeekin batera, hiru ume gehienez elkarrekin (etxe beretik irtendakoak, alegia), ordubetez gehienez, ez beste pertsona batzuekin elkartzekotan, ez jolas-parkeetako jolasak erabiltzekotan, distantzia gordez beste ume eta pertsonekin, eta esan bezala, kilometro bat baino urrutiago ez.

Instalatu Bizitokitik Google Play bidez, eta nahi baduzu txalo bat bidali sortzaileari, Egoitz Gonzalezi.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07