blogak

Sustatu

Nazioarteko topaketa Donostian: Hizkuntza gutxituen erabilera soziala aktibatzen

"Hizkuntza gutxituen erabilera soziala aktibatzen" izenburupean, bi eguneko jardunaldi bat izango da Donostian urriaren 17an eta 18an: NPLD-Coppieters Campusa. Hizkuntza komunitate hauetako kideak elkartuko dira Miramar Jauregian: katalana, friulera, frisiera, galesera, galegoa, ladinoa, bretoiera, suediera, irlandera eta euskara.

Hiru saio monografiko izango dira topaketaren ardatza, hiru hizkuntza-komunitate handienen hiru esperientzia aztertzeko.

Lehen kasua, euskaldunona, Euskaraldia aurkeztu eta aztertzeko izango da, ikuspuntu ezberdinetatik: proiektuaren oinarri teorikoa, diseinua eta metodologia, komunikazioa, koordinazioa, etab.

Bigarren saioan, katalana izango da aztergaia, batez ere, negozioen munduan duen erabilera, zenbait esperientziaren berri emanez: Emmarca’t ekimena (marketinera zuzenda), OfferCat indikadoreen sistema, eta denda txikietan katalanaren erabilpena areagotzeko plana.

Galestarren gai monografikoa familiaren barneko transmisioa izango da. Familia barnean ematen diren aktibazio esperientziak aurkeztuko dituzte, belaunaldi ezberdinen artean hizkuntza transmititzeko orduan.

Hemen egitarau ofiziala, ingelesez.

Antolatzaileak dira Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra, NPLD (Network to Promote Lingüistic Diversity), zeinaren parte den Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza; eta Coppieters Fundazioa, erakunde europeista bat. Bigarren urtea da biltzar hau egiten dutela, lehena iaz izan zen Friuli eskualdean, Italian (hau ilustratzeko argazkia iazko bilkurakoa da).

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07